Asteartean urteko lehen udalbatzarra egin zuten Orion, eta bertan 2017ko udal aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatu zituzten udal taldeek. Joxe Angel Zaldua alkateak 7.236.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen batzarrean; eta kopuru horretatik 265.917 euro inbertsioetara bideratzea aurreikusi zuen. EH Bildu, Orain eta PSE-EE udal taldeek emendakinak aurkeztu zizkioten aurrekontuari modu bateratuan.
Emendakinak udalbatzarrean bozkatu zituzten, eta oposizioaren aldeko zazpi botorekin 2017ko udal aurrekontuaren espedientean jasota geratu ziren. Ondorioz, inbertsioen atala 265.917 eurotatik 270.417 eurotara pasatu zen. Jarraian, 2017ko udal aurrekontuak bozkatu eta aho batez onartu zituzten udal taldeek.
Emendakinaren eskaerak:
- Alkatearen soldata 28. mailatik 24. mailara jaistea.
- Obra eta Zerbitzu, Euskara eta Hezkuntza batzordeburuaren lanaldia %25ean ezartzea.
- Zirkulazio seinalizazioa eta puntu beltzen partida 7.000 eurotik 10.000 eurotara pasatzea.
- Gizarte ongizateko partida 5.000 eurotatik 8.000 eurotara igotzea.
- Ekintza soziokulturalen partida 10.000 eurotik 18.000 eurotara pasatzea.
- Soberakinarekin musika eskolarako bi ordenagailu erostea, liburutegiko partida osatzea, eta gainontzekoa bide publikoen mantenura bideratzea.
- Estropalari kaleko saneamendu lanak egiteko 31.888 euro.
- Karela Kiroldegiko inbertsioetarako 70.265 euro.
- Ibaiondon komun publikoak jartzeko 50.000 euro.
- Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrerako 20.510 euro.
- Horretaz gain, Zaragueta Herri Eskolaren eraikina handitzea eta Herriko Plaza-Aritzaga eremuko saneamendu lanak ere egingo dituzte. Proiektu horiek epe laburrean udalbatzarrean bozkatuko dituzte.