Asteburu gazi-gozoa eskualdeko taldeentzat Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 26a

Asteburuan hasi da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren bigarren fasea. Eskualdeko bi talde sailkatu dira fase horretara, eta ostiralean eta atzo izan zituzten saioak. Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu Orioko taldeak etxean izan zuen saioa ostiralean, Zumarraga-Urretxuko Si mimimi sol taldearen kontra. Salatxo aretoa bete egin zen, eta Xabier Sukiak, Rosi Lazkanok, Imanol Lizarazuk eta Egoitz Eizagirrek osatutako taldeak saioa irabazi zuen, 15 eta 9 gailenduta. Azpeitiko Erniarraitz 1 taldeak, berriz, Alegian jokatu zuen saioa atzo gauean, Alegiako Zazpi astoren gainean taldearen aurka. Leire Ostolazak, Beñat Lizasok eta Jokin Urangak abestu zuten atzo –Haritz Etxeberria Ministro da laugarren taldekidea, baina hiru bertsolarik abesten dute saio bakoitzean–, eta epaileek erdietsi zuten saioan parez pare ibili zirela bi taldeak. Horrenbestez, 12na puntu jaso zituzten bi taldeek. Datorren astean izango da itzulerako saioa, Azpeitian, baina oraindik ez dute zehaztu tokia eta ordua. Guztira, 38 taldek parte hartu dute lehenengo fasean, eta hamabi talde igaro dira hurrengo fasera. Hamabi talde horiek lau multzotan banatuta ari dira lehian. Bigarren fasearen ostean erabakiko da finalaurrekoetara pasatuko diren lau taldeak zeintzuk diren. Horiek maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira, Alegian eta Bergaran hurrenez hurren. Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Azpeitian maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide