Sortzaile amorratuak zarete Peronatarrak. Batek trainerua egiten badu, anaiak egurrezko maketa, iloba bat orkestran badabil, bestea txarangan bazterrak harrotzen... Nondik datorkizue sorkuntzarako grina?
Ez dakit ba... Gure familian beti izan dugu lanerako joera handia:
hemen, zerbait nahi bada, egin beharra ziok … Barrenari entzun eta zerbaitetan gogoz jarduteko joera duena, saiatuta, azkenean luzitzen da zerbaitetan.
Itsasontzien maketak egiten jardun zara urte luzetan. Nondik datorkizu afizioa?
Ontzigintzaren inguruko jakin-mina mutil kozkorretan piztu zitzaidan. Gurasoekin Kontxako estropadak ikustera etorri, eta arratsaldean, Aquariumean sartzen ginen arrainak ikustera. Itsasontzien maketen sailera igo ginenean, jo eta ma geratu nintzen. Hura gauza!
Garai hartan, Orioko denden erakusleihoetan kartzelan zeuden presoek egindako baporeen maketak ere jartzen zituzten ikusgai. Valentin Ikazeta
Ixarra-ren modelo ederrak ere ikusten nituen, orain Orio Shop denaren eskaparatean. Orduak pasatzen nituen haiei begira, liluraturik.
Bestalde, uda pasatzera bi neska etorri ziren Madrildik gure etxera, eta bat itsasontzien delineantea zen. Hark dokumentu asko pasa zizkidan ontzioletakoak: arrastako ontzien planoak, atuneroenak ... Hura kristorena izan zen niretzat.
Gero, Arin eta Embilenean egurrarekin lanean nenbilela, baporeen modelismoari buruzko liburu bat iritsi zitzaidan eskuartera. Orduan hasi nintzen lehen maketak egiten.
Elkarrizketa osoa
Karkara.eus atarian.