Orioko hondartzako dunak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteburuan Abaromendiko bizilagun batek oharrak banatu zituen herrian zehar, udalak arratoiak hiltzeko pozoiaren erabilera okerra egiten duela salatuz. Antza denez, txakur bat «larri gaixotu» da pozoia jateagatik. Ahateen parke inguruan umeekin eta animaliekin pasieran jende asko ibiltzen dela eta, udalari beharrezko babes neurriak hartzeko eskatzen dio ohar bidez, gerta daitezkeen antzeko istripuak saihesteko.
Herritar ezezagun horren salaketaren aurrean, Orioko Udalak oharra argitaratu du arratoiak hiltzeko pozoiaren erabilera azalduz. Udaletik adierazi dute, aldiro egiten dituztela herrian arratoiak, saguak eta intsektu plagak saihesteko tratamenduak. «Lehen pozoia poltsatan egoten zen, baina gaur egun poltsa horiek bide publikoan erabiltzea galarazita dago. Arratoiek poltsei koska egindakoan soberan gelditutako pozoiak ibaian amaitzen zuen, eta horrek kalteak sortzen zizkion ibaiaren ekosistemari», azaldu dute udaletik.
Erremediorik «seguruena»
Gaur egun estolderietan jartzen den parafina erabiltzen dute erremedio gisa. Beste eremu batzuetan, hondartza aldeko dunetan esaterako, pozoia duten kutxak jartzen dituzte, arratoiak barrura sartu eta pozoia jan dezaten. Kutxak oinezkoak eta txakurrak sartzea galarazita dagoen eremuetan kokatzen dituztela argitu dute Orioko Udaletik. «Litekeena da txakurrak gune debekatu horietako batean kutxa topatu, hortzekin hautsi, eta barruko pozoia jan izana; kutxa ere egon omen zitekeen aurretik beste txakurren batek apurtuta». Dena dela, gogorarazi dute inguru horretan animaliak lotuta joan behar dutela.
Udalak txakurrak izan duen ezbeharragatik kezka azaldu du, baina arratoien aurka merkatuan dauden erremedio «ahalik eta seguruenak» erabiltzen dituztela argitu dute, eta horretan jarraitzeko asmoa agertu dute erakundetik.
Nerea Uranga Bastarrika