Lou Topet musika taldeak kontzertua emango du ostiralean Orioko Kultur Etxean. Zarauzko taldeak Orion kontzertua ematen duen lehen aldia izango da, eta Harkaitz Cano idazlea izango dute lagun zuzeneko saioan. Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan antolatu du kontzertua Orioko Udalak.
Orioko Kultur Etxeko areto nagusian izango da kontzertua, 22:30ean hasita, eta
Abesti bat gutxiago diskoko abestiak eskainiko dituzte zuzenean.
Lou Topet taldeak 2015ean
Abesti bat gutxiago disko-liburua argitaratu zuen, eta abeslari ipar amerikarren 10 abesti hautatu, moldatu eta euskarara itzuli zituzten; diskoaz gain, lan horretan jasotako anekdotekin liburua ere osatu zuten. «Akorde trafikanteak gara, letra trafikanteak, eta denbora luzez eta mimo handiz landutako plana da Abesti bat gutxiago», azaldu zuten Lou Topet taldeko kideek beren lanaz. Kanten euskarazko bertsioak Harkaitz Canok egin zituen, baita disko-liburuaren testuak ere.
Sarrerak 5 eurotan
Lou Topet eta Harkaitz Canoren kontzertuko sarrerak kultur etxean daude salgai, 5 euroko prezioan. Udalak 120 sarrera jarri ditu salgai, eta dagoeneko eros daitezke Kultur Etxean. Orioko Kultur Etxetik adierazi dute, interesa dutenek hobe dutela garaiz ibiltzea eta sarrerak aldez aurretik hartzea.