ALICIA FIGUEROA - Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko zuzendaria
Alicia Figueroa Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko zuzendaria izateaz gain, Orioko Berdin-Berdinak elkarteko kidea ere bada. Sentsibilizazio saioa egin zuten atzo Orion.
Atzo egin zenuten sentsibilizazio kanpaina zein testuingurutan antolatu duzue?
Orioko Berdin-Berdinak elkarteak eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak antolatu genuen sentsibilizazio saioa. Orioko LH 6. mailako ikasleek parte hartu zuten, eta helburua gaztetxoek urritasun egoera bat bizi duten lagunen egoeraz hausnartzea zen. Horretarako, saskibaloia gurpildun aulkian, itsuentzako jokuak, zirkuitu sentsorialak eta jolas kooperatiboak egin genituen, besteak beste.
Zein da Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren lana?
Gure helburu nagusia urritasunen bat duten haur eta gaztetxo guztiek kirola egiteko aukera izatea da, kirolaren bidez gizarteratu nahi ditugu. Egoera hori bizi duten Gipuzkoako haur guztiak guregana bideratzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guk kasuak banan-banan aztertzen ditugu, eta irtenbidea ematen diegu.
Urritasunen bat duten haurrek zailtasunak izaten al dituzte kirola egiterako orduan?
Egoera oso konplexua da. Gipuzkoan eskola kirolaren bidez murgiltzen dira haurrak kirolean, baina eskola kirola ez da nahi bezain inklusiboa eta hezitzailea. Legea oso ondo idatzita dago, baina 25 urtetan ez da behar adina gizarteratu, eta oraindik askok lehiaketara bideratzen dute. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eskola kirolaren inguruko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dute, kirol sistema horrek izan beharko lituzkeen balioak gizarteratzeko.
Hala ere, aitortu behar dut Gipuzkoako eskola kirola gainontzeko lurraldeetakoa baino askoz sanoagoa eta kontrolatuagoa dela. Orain lortu behar duguna da, urritasun txikiak dituzten haurrek ere eskola kirolean parte-hartzea. Bazterketa asko dago oraindik, eta hori aldatu dadin, 20 kirol eragile gaiaren inguruan hausnartzen ari gara.
Eskola kiroletik kanpo geratzen diren haurrei beste aukerarik eskaintzen al diezue?
Kirola osasun iturri da, eta ohiko sistemaren barruan kirola egiteko oztopoak dituzten haurrei beste aukera bat eskaintzen diegu. Urritasunen bat duten haurrei bideratutako eskola kiroleko programa dugu, eta ohiko eskaintzatik kanpo geratzen diren 150 haurrek parte hartzen dute. Lauko taldetan banatuta daude haur eta gaztetxoak, eta talde bakoitza bi profesionalek gidatzen dute. Urola Kostan nahiko eskaintza egokia dugu, Orioko eta Zarauzko udalei esker.
Kirol eragileen formakuntza garrantzitsua al da?
Bai, horregatik kirol eragileei formakuntza eskaintzen diegu, urritasuna duten lagunei zerbitzu egokia eman diezaien. Pixkanaka gainontzeko federazioekin dugun harremana estutzen ari da, eta gure nahia da kirol federazioek ulertzea pertsona guztiek kirola egitea ahalbidetu behar dutela. Badakigu bide horretan finantzazioa arazoa izaten dela, kirol egokituak ohikoak baino kostu handiagoa baitu. Hala ere, pixkanaka urratsak aurrera egiten ari gara, eta hainbat kirol federaziorekin lankidetza hitzarmenak ditugu.
Berdin-Berdinak bezalako elkarteen lana garrantzitsua al da?
Tokian tokiko eragileen lana ezinbestekoa da. Kirolak gizartea balioetan hezteko bidea izan behar du, eta Berdin-Berdinak elkartea oso proiektu interesgarria da ildo horretan, kirola gizarteratzeko bidea dela ulertzen baitugu. Ezintasunen bat dutenak eta ezintasunik ez dutenak elkarrekin kirola egiten dute, inklusioa baitugu xede. Helburua da kirolaren bidez gaitasun fisikoa eta osasuna, gogo egoera, autoestimua eta gainontzekoekin erlazionatzeko gaitasuna hobetzea. Lehiaketan parte-hartzea kirolariaren aukera izaten da.
Zer arlo jorratzen ditu Berdin-Berdinak elkarteak?
Igeriketa taldea dugu, eta kasu berezietara egokitutako igeriketa zerbitzu pertsonalizatua ere eskaintzen dugu. Bestetik, pilota egokituko eskola dugu, eta aurten haurrei bideratutako Sorkuntza eta Mugimendua tailerra antolatu dugu. Mugimenduaren bidez garapen pertsonala jorratzen dugu, modu hezitzailean.
Etorkizunari begira ba al duzue beste proiekturik?
Aurten adinekoekin lanean hasi nahi dugu. Gure adinekoak nahiko aktiboak dira, baina badaude patologiaren bat edo ezintasun txikiren bat izanda, kirola egin nahi dutenak. Horiek hainbat oztopo aurkitzen dituzte, kiroldegietan ez baitago beren beharretara egokitutako eskaintzarik. Horrez gain, eguneko zentroetako pertsonekin ere jarduera fisikoa landu nahiko genuke, ariketa fisikoa eurentzat onuragarria delako.