Otsailaren 17ko bertso afariko parte-hartzaileak. (Errikotxia elkartea)
Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren barruan, Orioko eta Hernaniko bertsolariek parte hartuko dute hilaren 17ko bertso saioan. Emanaldiak bertso afari formatua izango du. Oriotik, Egoitz Eizagirre, Rosi Lazkano eta Imanol Lizarazu
Habana arituko dira, eta Hernanitik Eñaut Martikorena, Andoni Mujika eta Joxeluis Urdangarin. Jon Agirresarobe izango da gai-jartzailea.
21:00ak aldean abiatuko dute bertso afaria, eta antolatzaileek aurrikusi dute 22:30ean hasiko direla bertsolariak kantuan. "Iluntze bizia eta alaia" izatea espero dute Errikotxia elkarteko kideek. Hortaz, bertso zaleei eta gainerako herritarrei, bertso afarira bertaratzeko deia egin diete. Bertso afarirako txartelak salgai jarri dituzte Kolon Txiki tabernan, 12 euroren truke.
Gipuzkoako Herriartekoa
Tokian tokiko bertsolaritza hauspotzea da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren helburua. 38 talde parte-hartzen ari dira txapelketan, eta lehen fasean murgilduta egongo dira martxoaren 12ra arte. Pasa den ostiralean Azkoitian izan zuten oriotarrek lehen norgehiagoka, eta garaile izan ziren.
Marxoaren 20tik apirilaren 9ra bigarren faseko saioak egingo dituzte. Finalerdiak maiatzaren 6an eta 13an izango dira, eta finala maiatzaren 27an Azpeitian.