Oriaren 23. Jaitsieraren aurkezpena. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gaur eguerdian aurkeztu dute "neguko estropaden artean erreferentea", Oriaren Traineru Jaitsiera. Iaz eguraldi txarra zela-eta bertan behera geratu zen lehia, eta aurtengoan ilusioz beteta daudela azaldu dute antolatzaileek. Orio Arraunketa Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek eta Orioko alkate Joxe Angel Zalduak aurkeztu dute arraun hitzordua, eta bi hamarkadatan zehar indarra hartuz joan dela nabarmendu dute. Aurten 78 ontzik parte hartuko dute norgehiagokan: Mediterraneoko lau llagut, jubenil mailako sei traineru misto, beteranoen 14 traineru, emakumezkoen 17 traineruk eta gizonezkoen 37 traineruk parte hartuko dute jaitsieran. Tartean izango dira, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako traineruak.
Oriaren Traineru Jaitsiera egutegian gorriz markatuta izaten dute arraun taldeek, eta Huegunen iritziz "inork ez du falta nahi traineru jaitsierara, erreferente bihurtu baita neguko estropaden artean". Horregatik, Euskal Herriko taldeez gain, bertan izango dira Herrialde Katalanetako eta Kanarietako arraun elkarteak ere.
Ibon Huegun elkarteko lehendakariak emakumezko traineruen parte-hartze handia nabarmendu du aurkezpenean. "Inoiz baino emakumezkoen traineru gahiago izango ditugu. Kontxako estropadako edo Eusko Tren Ligako sailkapen estropadetan ere ez dute hainbeste emakumezkoen traineruk parte hartzen, eta oso gustura gaude Oriaren Traineru Jaitsierak izan duen harrerarekin", azaldu du Huegunek.
Parte-hartze eta maila handia
Larunbatean bi bandera izango dira jokoan. Alde batetik, Emakumezkoen III. Babyauto Bandera, eta bestetik Gizonezkoen VI. Babyauto Bandera. Estropadak bi ibilbide izango ditu: emakumezko seniorrek, traineru mistoek, beteranoek eta mediterraneoko llagutek 4.000 metro osatu beharko dituzte, eta gizonezko absolutu mailako traineruek 6.000 metro.
Orio Arraunketa Elkartetik azaldu dute, parte-hartze handia izateaz gain, "punta-puntako traineruak" izango direla lehian. "TKE mailan eta Eusko Tren Ligan goi mailan dabiltzan traineruak Orion izango dira larunbatean", beraz arraun ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute arraunzaleek.
Boluntarioen lana
1200 arraunlaritik gora bilduko ditu kirol hitzorduak, eta neurri horretako estropada egin ahal izateko 80 boluntario inguru behar direla azaldu dute antolatzaileek. "Boluntarioen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke jaitsiera antolatzea, beraz eskerrak eman nahi diziegu boluntario guztiei". Ildo horretan, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak, Orio Arraunketa Elkarteko kideek "isilpean jaitsiera antolatzeko egiten duten lan handia" ere nabarmendu nahi izan du.
Bestalde, Orioko Udalaren, Babyauto babeslearen eta Zarauzko Arraun Elkartearen laguntza ere aitortu du Orio Arraunketa Elkarteak. "7-8 traineru Zarauzko Arraun Elkartearen ontziratzeko gunetik aterako dira, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Zarauzko Arraun Elkarteari ere".
Herriarentzat onuragarria
Joxe Angel Zaldua Orioko alkatearentzat Oriaren Jaitsiera festa handia izaten da herrian. "Jende asko erakartzen du. Ostatuak beteta daude, jatetxeek egun horretarako erreserbak dituzte, eta tabernariek ere egun horretan lan asko egitea espero dugu. Izan ere, jaitsierak herrian sortzen duen mugimendua ostalari eta dendarientzat ere onuragarria izatea nahi dugu".