Berdin-Berdinak elkarteko hainbat kide pilotan jokatzen frontoian. (Berdin-Berdinak elkartea)
Orioko Berdin-Berdinak elkarteak pilota inklusiboko taldea indartu nahi du herrian. Elkarteak pilota inklusiboko talde bat dauka, 16 urtetik gorako gazteez osatutakoa. Larunbat goizetan biltzen dira, ordu eta erdiz entrenatzeko eta pilotan jokatzeko. "Taldeko kideetako batzuk entrenamenduetara mugatzen dira, baina beste batzuk pilota egokituko Gipuzkoako ligan lehiatu izan dira aurreko urteetan, nesketan nahiz mutiletan", adierazi dute elkartetik.
Dena dela, Berdin-berdinak elkartetik ez dute lehiaketa bultzatzen, sozializazioa baitu helburu taldeak. "Batzuei asko gustatzen zaie txapelketan sortzen den giroa, motibatu egiten direlako, baina beste batzuek, berriz, ez dute atsegin. Norberaren esku uzten dugu lehiaketan parte hartzeko aukera", azaldu dute arduradunek.
Pilota inklusiboko taldearen helburua pilotaren bidez gazteak sozializatzea da. Horretarako, Orion bertan entrenamenduak egiteaz gain, gainontzeko herrietan dauden pilota egokituko taldeekin ere entrenamendu bateratuak egiten dituzte. "Entrenamendu horietan ez dugu jokatzen partidarik, eta parte-hartzaileek ez dute beren elkarteko kamisetarik eramaten, denak taldekideak izatea nahi dugu".
Izena-ematea zabalik
Orioko taldea nahiko txikia da, baina aurten izan diren zenbait baja direla-eta, are gehiago murriztu da. Momentu honetan bi lagun bakarrik ari dira entrenatzen, eta taldea bideragarria izan dadin, beste bizpahiru lagun beharko lituzkete.
Elkartearen esparru naturala Orio eta ingurua dela nabarmendu dute Berdin-Berdinak taldeko kideek; "baina pilota taldean parte hartu izan dute Gipuzkoako beste toki batzuetako gazteek ere eta, jakina, atea irekita daukate orain ere".
Taldean parte hartu nahi dutenek, edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 688-63 09 25 telefonora deitu behar dute edo,
berdin.berdinak@gmail.com helbidera idatzi. Arduradunek jakinarazi dute, taldean izena emateko azken eguna otsailaren 15a izango dela.