Elene Tamayo: "Lerro finez irudikatutako itsasoa da nire lanaren bereizgarria"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko otsailaren 8a

Elene Tamayo ilustratzailea. (Aiora Larrañaga/Hitza) ELENE TAMAYO - Ilustratzailea Arte Ederren Fakultatean Sorkuntza eta Diseinuko Gradua bukatu berri du Elene Tamayo (Getaria, 1993) oriotarrak. Ilustratzailea da Tamayo, eta pixkanaka bere ibilbide profesionala jorratzen ari da, bere lana ezagutzera emanez. Erakusketa ikustera etortzen direnek zer topatuko dute Kultur Etxeko areto nagusian? Urte guztian zehar egin ditudan lanak jarri ditut ikusgai Orioko Kultur Etxeko areto nagusian. Erakusketa ez dago gai zehatz baten bueltan sortua. Dena dela, nire lanak badu berezitasunik, tamaina txikiko lanak egiten ditut, eta lerro finez egindako irudiak protagonismo berezia dute erakusketan. Arkatza, akuarela, margo akrilikoak eta errotulagailuak; teknika asko nahasten ditut proiektuetan, esperimentatzea gustatzen baitzait. Ba al dago lanen bat bereziki gustatzen zaizunik? Lerro finak errepikatuz irudikatzen dudan itsasoagatik ezagutzen naute askok. Oro har naturarekin erlazionatutako irudiak lantzen ditut, eta itsasoaren gaia ardatz dute nire lan askok. Nire lanetan kontrasteak erabiltzen ditut, xehetasunez egindako irudiak elementu sinpleekin uztartzen ditut. Erakusketa jarri duzun lehen aldia izan al da? Madrilen bizi naiz, eta bertan orain arte bi erakusketa egin ditut: taberna batean eta denda batean. Dena dela, hau da niretzat egin ditudan erakusketetan bereziena, areto batean nire lana erakusten dudan lehen aldia baita; gainera, Orion da, etxean. Egia esan oso pozik nago herritarrek izan duten erantzunarekin, jende asko etorri zen irekiera ekitaldira. Ilustrazioez gain, ikus-entzunezko bat ere ikus daiteke erakusketan. Bertan marrazki baten prozesua azaltzen dut pausoz pauso. Zer asmo dituzu etorkizunera begira? Nik liburuen ilustrazioa profesionalki jorratu nahi dut, eta gradu amaieran egin dudan proiektuan arlo hori jorratu nahi izan dut, ilustrazio liburu bat sortuz. Ilustrazioarena nahiko mundu zaila da, eta etengabe azken joerak jarraitzen egon behar da, berritzen. Gainera, artistok gure burua ezagutzera eman behar dugu, eta horretarako sare sozialak oso tresna garrantzitsuak direla uste dut. Orain Madrilen bizi naiz, bertan artista gazteentzat hemen baino lan aukera gehiago sortzen direlako. Euskal Herria txikia da, eta argitaletxeek ilustratzaile jakin batzuengana jotzen dute proiektu berriak dituztenean. Beraz, zaila da ilustratzaile bezala bidea egitea? Oso mundu konplexua da, eta jakin badakit estilo batean espezializatzen joan behar dudala. Ilustratzaileoi gure lanengatik ezagutzen gaitu publikoak, eta nik ere hori lortu behar dut. Lerro finez egindako itsasoa da nire bereizgarria. Ezagun askok erakusketako kartela ikusi zutenean, itsasoaren irudikapenagatik jakin zuten erakusketa jarriko nuela. Madrilera itzultzeko asmoa al duzu? Bai, datorren astean itzuliko naiz Madrilera. Ilustatzaile bezala lan egin nahiko nuke, eta argi dut batetik bestera ibili gabe ez dela aukerarik sortzen. Etxeko estudioan proiektu berriak sortzen eta erakusketak egiten jarraituko dut. Argitaletxeetara joango naiz nire lana aurkeztera, eta ilustrazio lehiaketetan aurkezteko asmoa ere badut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide