Joanito Orella Serbiarako bidean. (Mundu Berri elkartea)
JOANITO ORELLA - Boluntarioa
Joanito Orella oriotarrak herenegun Belgradorako bidea hartu zuen. Serbian noraezean dauden errefuxiatuentzat arropa eramatera joan da Orella, Mundu Berri elkartearen bidez.
Serbiara bidaiatuko duzu errefuxiatuei laguntzera. Nondik nora zoaz hara?
Komunikabideen bidez jakin nuen Trintxerpeko
Mundu Berri elkartea errefuxiatuentzat arropa biltzen ari zela. Ingurukoei komentatu nien, eta arropa mordoa bildu genuen. Nik neuk eraman nuen arropa elkarteak duen biltegira, eta antolatzaileekin berriketan aritu nintzen; telefono zenbakiak trukatu genituen, eta handik gutxira deitu zidaten Serbiara arropa eramateko gidari bat behar zutela esanez. Belgradora joateko prest izango nintzatekeen galdetu zidaten, eta baietz esan nien, gustura gainera.
Oriotarrek parte hartu al dute arropa bilketan?
Herriko hainbat dendek Serbiara eramateko arropa eman didate, arropa berri-berria. Ostegunean bertan, haurren oinetakoak saltzen dituen denda batek zapataz betetako bi poltsa eman zizkidan. Enpresa askok diru laguntza eman didate, eta Orioko Indo enpresak ordainduko du nik Serbiara eramango dudan furgonetaren alokairua, bidaiak irauten duen bitartean. Oriotarrei oso eskertuta nago, familia askok ere beren ekarpena egin nahi izan dute, eta denon artean Orion 2.200 euro bildu ditugu. Diru hori elkartearen kontuan sartu dugu dagoeneko.
Joanito Orella Mundu Berri elkarteko kide batekin. Furgoneta goraino beteta daramate Serbiara. (Mundu Berri elkartea)
Nolatan sortu zitzaizun errefuxiatuei laguntzeko grina?
Komunikabideetan errefuxiatuek bizi duten egoera ikusten dudanean haserretu egiten naiz. Ni bihotz onekoa naiz,eta egoera larrian dauden pertsona horiei laguntzeko beharra sentitu nuen. Semeak animatu ninduen boluntario bezala joatera. Hasieran, Zaporeak proiektuan parte hartzea pentsatu nuen, edozertan laguntzeko prest nengoen. Elkartera deitu nuen, baina esan zidaten boluntario zerrenda luzea zutela eta oraingoz ez zutela boluntario gehiagoren beharrik. Handik gutxira, Mundu Berri proiektuaren berri izan nuen, eta bi aldiz pentsatu gabe animatu nintzen parte hartzera.
Ez dago jende asko zu bezala urratsa egitera animatu denik?
Nik denbora libre asko dut, eta laguntzeko beharra sentitu dut. Gertatzen ari dena ikusita, ezin dut besoak gurutzaturik ezer egin gabe geratu.
Zenbateko bidaia izango da?
2.225 kilometroko distantzia dago Euskal Herritik Belgradora, eta bi egun inguru pasatuko ditugu errepidean. Hiru furgoneta joango gara, eta bakoitzean bi lagun. Joan-etorriaz gain, astebete egongo gara bertan, materiala banatzen.
Solidaritate proiektu batean parte hartzen duzun lehen aldia al da?
Caritasen parte hartzen dut duela bost urtetik, hemengo familia askok ere laguntza behar baitute. Hileko hirugarren ostegunean material bila joaten gara, eta ostiralean egiten dugu banaketa. Bestetik, uste dut Mundu Berri proiektua ez dela Serbiara egingo dugun bidaiarekin amaituko. Trintxerpen jaio bazen ere, Gipuzkoako hainbat txokotako herritarrek parte hartzen dugu, eta proiektua zabaldu egin nahi dugu, oraindik asko baitago egiteko. Herritarren batek bere ekarpen ekonomikoa egin nahiko balu, ES 59 2095501227
1075881713 kontu zenbakian du horretarako aukera.
Mundu Berriko kideek Serbiara abiatu baino lehen ateratako argazkia. (Mundu Berri elkartea)