Azkoitiko Erniarraitz 3 taldea. (Erniarraitz elkartea)
Ostiralean hasi zen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatutako
Herriarteko bertso txapelketa, Azkoitiko Zurt tabernan egin zuten saioan. Orioko
Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu taldeko Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Imanol Lizarazu bertsolariek eta Azkoitiko
Erniarraitz 3 taldeko Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Eneritz Artetxe bertsolariek hartu zuten parte saioan, eta "lehia estua" izan bazen ere, oriotarrak izan ziren garaile, 13 puntukin.
Erniarraitz 3 taldeak 11 puntu lortu zituen. Dena den, bi taldeek beste saio bana egingo dute datozen asteetan.
150 bertsozale inguru elkartu ziren Zurt tabernan. (Erniarraitz)
Silvia Etxaniz aritu zen gai jartzaile lanetan, eta Ixabel Jauregi, Gorka Larrañaga, Xuban Bekarte eta Alazne Arrillaga izan ziren epaile. 150 lagun inguru elkartu ziren Zurten, eta antolatzaileen arabera, giroa "lagunartekoa eta beroa" izan zen hasieratik. "Agurretatik gogotsu hasi ziren, bertsotan gozatuz eta entzuleei gozarazi nahian. Elkarri erronka botaz, edota gazteei alkohola saltzeaz, burusoilen arazoez, sukaldari ikastaroetako giroaz… umorez edo serio baina gogotsu aritu ziren". Horien arabera, entzuleek ere "gogoz" hartu dute Herriarteko txapelketa.