Orioko Berdin-Berdinak elkarteak pilota inklusiboko taldea indartu nahi du

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 2a

Berdin-berdinak elkarteko pilota inklusiboko taldea. (Berdin-berdinak) Berdin-Berdinak taldeak pilota inklusiboko talde bat dauka, 16 urtetik gorako gazteez osatua. Larunbat goizetan biltzen dira, ordu eta erdiz, entrenatzeko eta pilotan jokatzeko. "Taldeko kideetako batzuk entrenamenduetara mugatzen dira, baina beste batzuk pilota egokituko Gipuzkoako ligan lehiatu izan dira aurreko urteetan, nesketan nahiz mutiletan", adierazi dute elkartetik. Taldea nahiko txikia da, baina aurten izan diren zenbait baja direla-eta, are gehiago murriztu da. Momentu honetan bi lagun bakarrik ari dira entrenatzen, eta taldea bideragarria izan dadin, beste bizpahiru lagun beharko lituzkete. Elkartearen esparru naturala Orio eta ingurua dela nabarmendu dute Berdin-Berdinak taldeko kideek; "baina pilota taldean parte hartu izan dute Gipuzkoako beste toki batzuetako gaztek ere eta, jakina, atea irekita daukate orain ere". Taldean parte hartu nahi dutenek, edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 688 630 925 telefonora deitu behar dute (Miren Salsamendi edo Ana Godoy) edo, bestela, berdin.berdinak@gmail.com helbidera idatzi. Izena emateko azken eguna otsailaren 15a izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide