Getariako eta Orioko saregileek Euskadiko Saregileen Elkartearen urteko batzarrean parte hartu dute Lekeition

Nerea Bedialauneta 2017ko urtarrilaren 30a

Euskadiko Saregileen Elkarteak urteko batzarra egin zuen larunbatean Lekeition. Bertan izan ziren Orioko eta Getariako saregileak ere. (Nerea Bedialauneta /Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza) Euskadiko Saregileen Elkarteko kideek urteroko batzarra egin zuten larunbatean Lekeition. Lekeitioko Azkue aretoan egindako 11. asanbladan Hondarribia, Orio, Getaria, Lekeitio eta Ondarroako 48 emakume batu ziren, baita Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura zuzendari oriotarra ere. Batzarrean urteko gora-beheren balorazioa egin zuten saregileek. Kolektiboarentzat hobekuntza soziolaboralak lortzeko egindako jarduerak, eta lan duin bat izan dadin egindako ahalegina aztertu zituzten, eta elkarteko presidenteak azaldutakoaren arabera, iazko urtea ez zen oso emankorra izan. Hala ere, hainbat urtean egindako ahaleginen ostean, euren lana profesionalizatzea lortu dutela jakitera eman zuen Burgoak. “Sare josten zekitenentzako, baina titulurik ez zutenentzako azterketak egin dira. Orain arazoa, sare josten hasten direnentzako dator. Ez dago horren inguruko eskolarik, eta titulurik eduki ezean, lanean hasteko arazoak dituzte. Titulua eskuan ez duten bitartean, ezin dute kotizatu ere egin. Itsasoko Gizarte Institutuak erregimen berezian kotizatzeko titulu hori eskatzen die, baina ziklo hori ikasteko aukerarik ez baldin badago, titulua edukitzea ere ezinezkoa da”, azaldu zuen Maite Burgoa Euskadiko Saregileen Elkarteko presidenteak. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura zuzendaria ere batzarrean egon zen, eta, bere aldetik, saregileei "esku bat luzatzeko prest" dagoela esan zien. “Gure babesa edukiko duzue”, azpimarratu zuen. Euskadiko Saregileen Elkarteko urteko batzarraren informazio gehiago Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide