Orion arrauneko porra antolatu dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urt. 24a, 18:04

Euro baten trukean Oriaren traineru jaitsierako apustua egiteko aukera jarri du Orio Arraunketa Elkarteak. Oriako XXIII. Traineru Jaitsiera otsailaren 11n jokatuko da

Orioko emakumezkoen trainerua Oria ibaian estropada jokatzen. (Joxemari Olasagasti/Hitza) Otsailaren 11n jokatuko da Oriaren XXIII. Traineru Jaitsiera. Aurretik, ordea, herritarren artean giroa sortzen joateko asmoarekin lehiaketa bat antolatu du Orio Arraunketa Elkarteak. Zeinek irabaziko du jaitsiera nesketan eta mutiletan? galdera bota du arraun elkarteak, eta nahi dutenek aurrikuspenak egin ditzazkete herriko tabernetan. Euro baten truke erosi daiteke lehiaketako txartela, eta bertan zehaztu beharko dute gizonezkoen estropada nork irabaziko duen, eta, jarraian, emakumezkoen estropadako irabazlea nor izango den. Gero, txartela lehiaketako kutxara bota beharko dute, estropada eguneko 16:00ak baino lehen. Banatzeko lau sari Asmatzaileen artean lau sari zozkatuko dituzte Orio Arraunketa Elkartekoek. Orioko Ibaiaren Jaitsierako gizonezkoen bandera nork lortuko duen asmatzen dutenen artean honako sariak banatuko dituzte: bi lagunentzat afari bana Katxiña jatetxean eta Xixario erretegian. Emakumezkoen banderaren irabazlea asmatzen dutenen artean, berriz, honakoak dira sariak: afaria bi lagunentzat Joxemari Bodegoian eta afaria bi lagunentzat Niko tabernan. Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kide Zigor Gazpiok babesleek ematen duten laguntza eskertu nahi izan du. «Katxiña, Xixario, Joxemari eta Nikoren laguntzarik gabe ezingo genuke porra antolatu». Orioko arraun elkarteak duela lau urte antolatu zuen lehen aldiz Oriaren jaitsieraren inguruko porra, diru pixka bat lortzeko asmoarekin. «Oriaren jaitsiera neguko traineru estropaden artean erreferentea bihurtu da arraun taldeentzat, eta herrian giro ederra sortzen da estropada horren bueltan». Estropadak duen arrakasta aprobetxatuz porra antolatu zuten, finantzazio iturri berrien bila. Aurten, gainera, berrikuntzak izan ditu lehiaketak, lehen aldiz emakumeen bandera nork irabaziko duen asmatzeko aukera jarri baitu Orio Arraunketa Elkarteak. «Emakumezkoen arrauna indarra hartzen ari da, eta gero eta gehiago dira jaitsieran parte hartzen dute emakumezkoen taldeak. Beraz, aurten porra hori egiteko aukera ere jarri dugu», azaldu dute. Aurreko urteetan herritarren artean «erantzun ona» izan du porrak, eta 500-600 apustu artean egin direla azaldu dute elkartetik. «Denetik egoten da. Oriotar askok bihotzarekin jokatzen dute, eta irabazlea Orio izango dela jartzen dute. Hala ere, badira talde bakoitzaren aukerak aztertu, eta buruarekin apustu egiten dutenak». Oriotarrez gain, beste herrietako arraunzaleek ere parte hartzen dute porran; «estropada egunean arraunzale asko biltzen da Orion, eta horiek ere goizean zehar beren apustuak egiten dituzte».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide