Haritz Alberdi eta Jon Ander De La Hoz. (Aiora Solabarrieta)
Euskal Estatua edukiz jantziz jardunaldiaren barruan,
Euskal estatuaren bideragarritasuna gai hartuta mahai ingurua izango da gaur, 19:00etan, Getariako udaletxeko batzar aretoan. Martxelo Otamendi
Berriako zuzendariak, Iñaki Soto
Garako zuzendariak eta Jurdan Arretxe
Noticias de Gipuzkoako kazetariak parte hartuko dute.
Zer gai izango dituzte hizpide gaurko mahai inguruan?
Haritz Alberdi: Jardunaldiak euskal estatuaren bideragarritasuna izango du oinarrian, ikuspegi sozio ekonomikoa ardatz hartuta.
Jon Ander De La Hoz: Gaur egun munduko beste hainbat herrialdetan abian dauden antzeko prozesuak ere jorratuko dituzte. Dena dela, saio orokorra izango da, gai askoz ariko dira.
Herritarrek galderak egiteko edo eztabaidan parte hartzeko aukera izango al dute?
H.A.: Bukaeran galderetarako tartea izango da. Jardunaldiak irekia izatea nahi dugu, dinamikoa eta herritarrek parte hartzea.
Zuek aukeratu al dituzue kazetariak?
J.A.H: Kazetari garrantzitsuak dira, eta uste dugu Euskal Herriaren burujabetzaren inguruan esateko asko izango dutela. Mahai inguruan parte hartzeko kazetariez hizketan hasi ginenean,
Berriako zuzendari Martxelo Otamendiren eta
Garako zuzendari Iñaki Sotoren izenak era naturalean atera ziren.
Noticias de Gipuzkoako Jurdan Arretxe Sotok proposatu zuen; pertsonalki ezagutzen dut, eta egokia iruditu zitzaidan.
Euskal Estatua edukiz jantziz egitasmoak getariarren artean hausnarketarako bidea irekitzeko asmoa zuen. Helburua lortzen ari al zarete?
J.A.H.: Saioetan parte hartu duten herritarrak oso gustura atera dira. Nik neuk, esaterako, gauza asko ikasi ditut, eta aberasgarria izaten ari da. Maiatzaren 7an egingo den herri galdeketan baietzaren aldeko hautua egin dugu, eta jardunaldietan nire ikuspuntua berretsi dut.
Zergatik sentitu zenuten jardunaldi hauek antolatzeko beharra?
H.A.: Gure Esku Dagok gaindituta egon behar lukeen erabakitzeko eskubidearen galdeketa jarri du mahai gainean. Galdeketan herritarroi galdetuko zaigu, eta ikusi genuen bateren batek baietzaren aldeko hautua landu behar zuela, beste batzuk ezetzaren aldekoa landu dezaketen bezala.
J.A.H.: Guk ikuspegi zehatz bat oinarri hartuta egin dugu baietzaren aldeko hautua. Getariako Eskubide Sozialen Karta eta Gaztetxea hizketan hasi ginenean, eredu sozio-ekonomiko justua eta justizia soziala bermatuko dituen estatua nahi dugula ikusi genuen. Horregatik, jardunaldietan parte hartu duten adituek ikuspuntu hori jorratu dute.
Ohiko kanaletatik ez al dira arrazoi horiek lantzen?
H.A.: Espainiarekin dependentzia handia dugu guk. Ikuspegi sozio-ekonomikotik begiratuta, ezinbestekoa dugu burujabetza, bestela miseriara kondenatuta gaude. Getariar gehienok independentistak gara, baina ikusten genuen izaera kontutik haratago, arrazoi desberdinak badaudela herritarrek independentziaren aldeko apustua egiteko. Une oro gure egoera Espainiarekin alderatzen dugu. Gure eremu naturala Europako kontinentea bada ere, ez gara Europako gainontzeko herrialdeekin konparatzen.
J.A.H.: Ez da alde ekonomikoan bakarrik gertatzen. Baiona 80 kilometrora dugu, eta badirudi Madril gertuago dugula. Independentzia lortzen ez dugun bitartean, euskaldunon zatiketa nabarmenagoa izango da.
Ikuspuntu desberdinetako jendearengana iristea lortu al duzue?
J.A.H.: Normalean hitzaldietara joaten diren herritarrez gain, ikusi ditugu aurpegi berriak ere. Hala ere, jendeari horrelako saioetara joatea kostatu egiten zaio. Herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketan jendeak erraz parte hartzen du, ez delako lan handia. Jardunaldietan parte hartzeko, ordea, norberaren denboratik bi ordu hartu behar dira eta gaiaz hausnartu.
H.A.: Oraindik asko dugu egiteko, eta kontzientziazio eta parte-hartze lan handia egin behar dugu. Argi izan behar dugu, askoz hobeto egon gintezkeela erabakiak guk hartuko bagenitu.
Noiz bukatuko duzueEuskal estatua edukiz jantziz jardunaldia?
H.A.: Hasieran maiatzaren 7ko herri galdeketarekin bukatzea zen gure asmoa. Dena dela, Jule Goikoetxearen hitzaldia atzeratu egin behar izan dugu, eta saio hori galdeketaren ondoren egingo dugu. Izan ere, hezkuntza eta kontzientziazio lan horrek jarraipena izan behar du.
Getariako Gaztetxeak eta Eskubide Sozialen Kartak antolatu duzue. Nolakoa izan da elkarlana?
H.A.: Interes berdinak dituzten eragileen arteko elkarlana herriarentzat aberasgarria da, elkarlanerako kultura sortzen baitu herrian. Ildo horretan urratsak egiten ari gara Getarian.