Manuel Fernandes: "Pil-pilean dauden gizarte gaiak jorratu ditut margolanen bidez"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urtarrilaren 13a

Manuel Fernandes berak egindako margolanen aurrean. (Aiora Larrañaga/Hitza) MANUEL FERNANDES - Artista Manuel Fernandes portugesa da jaiotzez, baina 36 urte daramatza Getarian bizitzen. Harriarekin egindako lanengatik ezaguna da inguruan, besteak beste Orioko udaletxeko armarria zaharberritu zuelako; horrez gain, margolaria ere bada. Iragana, oraina, geroa erakusketa zabaldu berri du Fernandesek Orioko Kultur Etxean. Artistaren esanetan bere lanik «pertsonalena» erakutsi du Orion. Erakusketa bera ere ezohikoa da, margotutako oihalak kultur etxeko areto nagusian zehar zintzilikatu baititu izarak bailiran, koadrotan muntatu gabe. Zure aurreko lanarekin alderatuta desberdina al da hau? Nire lanik pertsonalena da Orioko Kultur Etxean ikusgai jarri dudana. Nik margolan eta eskultura komertziala asko landu izan dut, baina bizitzako une jakin batean konturatu nintzen barruan nuena askatzeko beharra nuela. 2012an ebakuntza egin zidaten, eta aurretik min handiak izan nituenez, buruak beste modu batera funtzionatzen zidan; ordura artekoarekin guztiz desberdina zen zerbait atera zitzaidan barrutik. Zer gai landu dituzu? Alde batetik, irudi mitologikoak landu ditut, pertsonaren eta naturako gainontzeko bizidunen arteko errespetua eta fusioa adierazteko. Bestetik, gaur egun pil-pilean dauden gizarte gaiak jorratu ditut margolanen bidez: abortoa, osasuna, hezkuntza, arrazakeria eta immigrazioa, besteak beste. Horretarako gorputz biluziak hartu ditut oinarrian, edertasun eredu estereotipotik aldentzen direnak. Abortoaren gaia hainbat margolanetan jorratu duzu. Zergatik? Abortoa eztabaida handiko gaia da gizartean, eta gutxitan ematen zaio hitza emakumeari. Emakumearen gorputzaz hitz egiten ari gara, eta nik uste dut andreek askatasun osoz erabaki behar dutela zer egin nahi duten. Margolan bilduma hau egiten ari nintzen garaian, albistegian ikusi nuen gertaera batek atentzioa eman zidan. Herritar talde batek protesta egin zuen abortatzeko klinika baten aurrean, eta han sartu edo handik ateratzen ziren denak iraintzen zituzten. Gizarteak emakumeengan egiten duen presioaren adierazle garbia zen hura, eta gaiaren inguruan margotzeko beharra sentitu nuen. Ohikotasunetik ateratzen da zure lana, beraz? Nik margolan hauek ez ditut jendeari gustatzeko egin, barruan nuena adierazteko eta bizi dugun garaiaren inguruan hausnarketa pizteko baizik. Besteek onartzen badute kontentu egongo naiz, baina jakin badakit denek ez dutela gustukoa izango. Izan ere, nire lanak, margolanek eta eskulturek, gorputz biluziak dituzte ardatz, baina horiekin ez dut ikuslea probokatu nahi; tabuak hautsi nahi ditut, eta herritarren artean hausnarketarako bidea ireki. Zergatik lantzen dituzu biluziak? Pertsona biluziek ez dute ezer ezkutatzeko, naturalak dira, bere horretan ez dute probokatzen. Beraz, zergatik ez ditut erakutsiko gorputz biluziak? Zenbait herritar erakusketako margolanekin aztoratu egin daiteke, baina lan guztiek azalpen bat dute, eta eskatzen didanari gustu handiz azalduko diot nire ikuspegia. Gizonen eta emakumeen ezaugarriak biltzen dituzten pertsonak irudikatu dituzu? Jaiotzen garenetik gizonak edo emakumeak garela esaten digute, eta horren araberako jokaera izaten erakusten digute. Gizon edo emakumea izatearen gainetik, pertsonak ikusten ditut nik, eta pertsonen artean aniztasun handia dagoela erakutsi nahi dut. Horregatik, zenbait margolanetan alua eta zakila duten pertsonak irudikatu ditut. Teknika aldetik zer berezitasun dute lanek? Gehienak oihalaren gainean akuarelarekin margotutako lanak dira, eta badaude kafearekin margotu ditudan lan batzuk ere. Garai horretan margotzeko toki txiki bat nuen, eta usaina zela- eta konturatu nintzen olio pinturekin margotzeko eremu txikiegia zela. Horregatik, erabaki nuen akuarelarekin telaren gainean margotzea probatzea, erronka izan zen niretzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide