Azaroaren 27an egin zuten 2016ko azken udalbatzarra Orion. (Olatz Artola/Karkara)
Iazko azken udalbatzarrean 2017ko zaborraren eta hiri hondakinen bilketa zerbitzuaren tasa onartu zuen Orioko Udalak. EAJ, Orain eta PSE-EEk aldeko botoa eman zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen. Hurrengo igoerak ezarriko dituzte aurten zaborraren tasan: etxebizitzetan %20a, bankuetan %25a eta beste atal guztietan %15a.
Orain udal taldeko bozeramaile Miriam Urangak nabarmendu zuen herritarrekin bilerak egingo dituela udalak igoeraren zergatia azaltzeko. Horrez gain, leku publikoetan eta herriko elkarteetan hondakinen gaikako bilketa bermatzeko jarraipena egingo du Orioko Udaleko bulego teknikoak.
EH Bilduko hautetsiak abstenitu egin ziren, eta koalizioko zinegotzi Gotzon Igoak arrazoiak eman zituen udalbatzarrean. «Agintaldi hasieratik behin eta berriz eskatu dugu Hondakinen Mahaia biltzea. Aurten ordenantza fiskalak Hondakinen Mahaia bildu gabe onartu dira, eta gehiegizkoa iruditzen zaigu birziklatzen duten herritarrek eta birziklatzen ez dutenek zerga berdinak ordaindu behar izatea», adierazi zuen Igoak.
2017ko zaborraren tasa
- Etxe bakoitzeko: 149,16 euro.
- Komertzioak (zapata eta jostailu dendek, ileapaindegiek): 321,29 euro.
- Elikagaien arloko komertzioak: 468,14 euro.
- Sei langile baino gehiagoko supermerkatuak: 1418,36 euro.
- Tabernak, kafetegiak, kantinak eta antzerakoak: 457,56 euro.
- Tabernak jangelarekin: 488,91 euro.
- Jatetxeak eta erretegiak: 702,08 euro.
- Merkataritzako lokalak, gestoriak, aholkulariak eta antzerakoak: 190,77 euro.
- Finantza entitateak: 662,85 euro.
- Izar bateko edo biko pentsioak, landetxeak eta ostatuak: 571,72 euro.
- Hiru izar edo gehiagoko hotelak: 1.397,25 euro.
- Elkarte gastronomikoek azaleraren arabera ordaindu beharko dute: 60 metro koadro baino txikiagoek 142,95 euro; 60-120 metro koadro bitartekoek 468,14 euro, eta 120 metro koadro baino handiagoek 488,91 euro.