Ainara Zamakola: "Hotelean edo kanpamentuan, errefuxiatuak preso sentitzen dira hemen"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urtarrilaren 3a

Ainara Zamakola. (Karkara.eus) Urriaren 25an iritsi zen Ainara Zamakola (1992, Orio) fisioterapeuta Greziako errefuxiatu kanpamentuetara. Gabonak etxean pasatu ditu familiarekin, baina atzo hartu zuen berriz ere Greziarako hegazkina. Zein da Greziako errefuxiatuen kanpamentuetako benetako errealitatea? Oraindik oso egoera larria bizi dute kanpamentu horietan bizi direnek. Martxoaren 19a baino lehen Greziara iritsi ziren errefuxiatuak kanpalekuetatik hoteletara eramaten ari dira, eta beste herrialdeetara joan ahal izateko elkarrizketak egiten ari dira; hala ere, oso prozesu mantsoa da. Bestetik, martxoaren 19tik aurrera Greziako muga pasatu zutenak kanpamentu itxi batzuetan daude, eta boluntariook ezin dugu horietara sartu. Ez dakigu kanpamentu horietan zer gertatzen ari den. Zu zein kanpalekutan ari zara lanean? Hemen egun batetik bestera egoera asko aldatzen da. Greziara iritsi nintzenean Katsikas eta Faneromeni kanpamentuez arduratzen nintzen, baina pixkanaka kanpaleku horiek hustu egin dituzte, eta nire pazienteak hainbat hoteletara eraman dituzte. Hotel horietako batzuk zeharo bakartuta daude, eta orain herri batetik bestera ibili behar izaten dut. Beraz, ezinbestekoa duzu batetik bestera ibiltzeko ibilgailu bat? Bai. Hasiera batean gure asmoa zen bildutako diruarekin kotxe bat erostea. Hala ere, hemen gauzak asko aldatzen dira. Gabon aurretik Katsikaseko kanpamentua hustu egin zuten, eta bertan zeuden herritarrak hoteletara eraman zituzten. Horregatik, nik kolaboratzen dudan elkarteak otsailaren bukaeran proiektua ixtea erabaki du. Dagoeneko ez du merezi kotxe bat Greziara eramateak; horregatik, erabaki dugu bildutako dirua hemen kotxe bat alokatzeko erabiltzea. Zuk kanpalekuetan zer motatako gaixotasunak artatzen dituzu? Katsikaseko kanpamentuan aurkitu nituen gaixoek min arinak zituzten, larri zeudenak hoteletara eraman baitzituzten ni joan nintzenerako. Hala ere, pertsona horien egoeraz arduratuta, kasu larriak zeuden hoteletara joan naiz gaixoak artatzera; besteak beste, gerraren eraginez paraplegiko geratu diren bi lagun, eta bonba bat ondoan lehertuta hanka bat galdu zuen mutil gazte bat; azken honi protesi bat lortzear gaude orain. Gaixoak guk artatzeaz gain, Grezian horientzat baliabideak eta tratamenduak bilatzen ere saiatzen gara. Estrategia aldatzen ari gara, jakin badakigu gu ez garela beti bertan egongo, eta pertsona hauek hilabete luzez laguntza beharko dutenez, Greziako profesionalen esku hartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia? Oso aberasgarria izaten ari da, bai alderdi pertsonaletik, baita esperientzia profesionalari dagokionean ere. Errefuxiatuak oso jende eskuzabala dira, eta asko eskertzen digute egiten dugun lana. Mundua beste modu batera ikusten lagundu al dizu? Bai, pertsona hauek gerra batetik ihesi datoz Europara, baina kanpalekuetan edo hoteletan, preso sentitzen dira. Izan ere, ez dute beren etorkizunaz erabakirik hartzeko askatasunik, Grezian noraezean daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide