Xabier Sukia bertsolaritza tailerrean bertsoa kantatzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Jatorri desberdinetako euskara ikasleek bertsolaritza ezagutzeko tailerra antolatu zuen AEK-k joan den hilaren amaieran. Xabier Sukia bertsolari eta irrati esataria izan zen gidaria, eta, euskara eta gaztelania tartekatuz, bertsoaren unibertsoan modu atseginean murgildu zituen ikasleak, beren hizkuntzari eta kulturari keinu eginez. «Maila desberdinetako ikasleak bildu dira saioan; batzuk euskaraz lehen urratsak egiten ari direnak, eta beste batzuk ulermen arazorik ez dutenak. Horregatik, euskara hutsean aritzea baino garrantzitsuagoa iruditu zait, ikasleek bertsoaren oinarriak ulertzea, eta horretarako euskara eta gaztelania tartekatu ditut azalpenak ematerakoan», zioen Sukiak.
Ekimenarekin bertsoaren oinarrizko lau ardatzak ezagutu zituzten euskara ikasleek: errima, doinua, neurria eta gaia. Saioa parte-hartzailea izan zen; azalpenak adi-adi jarraitu zituzten ikasleek, eta bertsoaren inguruko hainbat jolas ere egin zituzten. Errima lantzeko esaterako, Sukiak hitz bat bota zien, eta ikasleek horren errima bera zuten hitzak proposatu zituzten; beren jatorrizko hizkuntzako hitzak esateko aukera ere eman zien Sukiak. Hitz guzti horiekin bat-batean bertsoa osatu zuen bertsolariak tailerrean.
Sukiaren iritziz bertsolaritzak aukera asko eskaintzen dizkie euskara ikasleei: «Hizkuntzarekin jolasten ikasi dezakete bertsoaren bidez. Aldi berean, gainera, euskarara eta euskal kulturara gerturatzen ditu. Haientzat oso aberasgarria izan daiteke». Ildo horretan, ikasleei kaletik doazenean errimak egiten saiatzeko proposatu zien saioan. «Farola, eskarola; kotxea, portxea; plaza, erraza. Hizkuntzarekin jolasteko modu atsegina da».
Lizargateko bertsoak
Bertsoa zer zen azaltzeaz gain, bertsolaritza herrian presente dagoen jarduera dela ere azaldu zien Sukiak euskara ikasleei. «Manuel Lasarte hemen bizi izan zen urte askotan; Rosi Lazkano emakume bertsolaria ere Oriokoa da; eta, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga, Egoitz Eizagirre edo ni neu ere oriotarrak gara, eta denok bertsotan jarduten dugu». Gertutasuna lortu nahian, autopistako zubia eraikitzeko bota zuten Orioko Lizargate baserriaren omenezko bertsoak landu zituzten euskara ikasleek tailerrean, eta horiek abestera ere animatu ziren ikasleak.
Euskara ikasleak bertsoak kantatzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hizkuntzarekin jolasean
Ekimenarekin euskara ikasleak euskal kulturara hurbildu nahi izan ditu AEK-k. «Guk ikasleak euskaraz bizitzea lortu nahi dugu, baina askotan euskaltegiaren eta herriko martxaren artean muga bat sortzen da. Oztopo hori gainditu nahi dugu, eta herritarren eta ikasleen arteko harremana indartu», azaldu dute Orioko AEK-ko arduradunek. «Jakin badakigu euskara ikasleek ez dutela herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzen, ez ulertzeko beldurra izan ohi dutelako». Ildo horretan, ikasleak euskal kulturara gerturatzeko saioak antolatzea pentsatu zuten, bertsolaritza tailerra izan da lehen saioa.
Saio horretan era askotako bertsoak entzun zituzten euskara ikasleek; tartean, kulturen arteko zubi, Xabier Payak 2006ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala irabazi zuenean, euskaraz ez dakien bere amaren omenez euskara eta gaztelania uztartuz bota zuen bertsoa: «
(...) Tu no nos diste el euskera, pero nos diste la vida, nos llevaste a la ikastola, aprendimos enseguida, ya es hora de que entiendas, el canto que nos motiva. Esta txapela es tuya, ay, nire amatxu querida!». Euskara ikasleek beren helburua lortu dezaketela erakusteko bertso aproposa .