Orioko joaldunak herriko kaleetan barrena, oriotarrak esnatzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ez da arraroa Orioko festetan joaldunen hotsa entzutea. Bada denbora herrian taldea sortu zela, eta jaietan oriotarrak esnatzeko asmoz ateratzen dira kalera gazteak. Biharamuneko ajea gaindituta, goizeko 09:30erako bildu ziren atzo kideak Ikastolan. Saioa baino lehenago elkartzen dira, zortzi joaldun janzteko ordubete inguru behar izaten dutelako. «Ardi larruaren gainetik zintzarriak ondo eta estu lotzea oso garrantzitsua da, horregatik gure denbora hartzen dugu», azaldu dute.
Atzoko deialdian zortzi lagun bildu ziren arren, gehiago dira taldean. «Whatsapp talde bat daukagu, eta horren bidez egiten dugu deialdia, nahi duena animatu dadin. Gaur [atzo], esaterako, laneguna da, eta taldeko kide askok lana egin behar izan dute, horregatik zazpi lagun bakarrik bildu gara».
Dena dela, taldea handituz joan da azken urteetan, eta zarauztarrak ere gehitu zaizkie. «Zarauzko Gaztetxeko urteurrenean ttuntturroak behar genituen, eta oriotarrekin harremanetan jarri ginen. Taldea Zarautera etorri zen, eta hiru zarauztar atera ginen beraiekin. Orain beraiek jendea behar dutenetan deitu egiten digute». Herrien arteko elkarlana izaten da, «giro ederra dugu gure artean, eta batzuetan Orion eta besteetan Zarautzen izaten gara».
«Esfortzu handia»
Ituren eta Zubietako joaldunak ihauteri inguruan ateratzen dira, udaberria gertu izaten denez, lurra esnatzeko asmoz. «Horregatik, lurraren aurka gogor ematen dute pausoa, lurra esnatu nahian». Orioko eta Zarauzko gazteek ez dute entsegu berezirik egiten kalera ateratzeko, «batak besteari erakusten diogu, eta denok batera joatean dago sekretua». Hasieran erraza badirudi ere, «esfortzu handia» eskatzen duen jarduera dela nabarmendu dute joaldunek, horregatik saioa hasi baino lehen luzaketak ere egiten dituzte zenbaitek gorputza egokitzeko. «Hurrengo egunean hankak karga-karga eginda izaten ditugu, modu horretara ibiltzen ez baikaude ohituta».
Gaztetako zaletasuna
Orioko gazte kuadrillari ez zitzaion bat-batean etorri joaldun taldea sortzeko ideia. Orioko Ikastolak sustatu du zaletasuna Orioko gaztetxoen artean. «Duela bi hamarkada inguru, ikastolako zuzendaritzako kideak Nafarroara joan ziren zintzarriak erostera, eta ikasleen artean ttuntturroekiko zaletasuna piztu zuten. Ikastolaren Egunean eta horrelako egun berezietan ateratzen ginen ikasle ginenean», azaldu dute oriotarrek. Helduagotan taldea osatzea bururatu zitzaion lagun kuadrilla bati, eta ordutik Ikastolak uzten die materiala. «Hasieran zintzarri txikiagoekin ateratzen ginen, baina guk ere erabiltzen genituela ikusita, zintzarri handiak ekarri zituen Ikastolak, eta orain guk horien mantenuan laguntzen diegu».
Orion saioa eskaintzeaz gain, beste hainbat herritatik ere deitu izan diete Orioko joaldunei. «Herri askotan izan gara, eta urte batean Zarauzko Triatloian giroa jartzeko ere deitu ziguten. Gu parrandazaleak gara, eta ondo pasatzen dugu horrela».
[flickr_set id="72157675824357102"]