Babarrun-janeko sukaldari Ibon Berasaluze. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Lau urte daramazue babarrun jana prestatzen. Eskarmentua duzue dagoeneko, ezta?
Lagunartean sortutako ekimena izan zen. Herritarrak biltzeko bazkari bat antolatu nahi genuen, jende desberdina mahaiaren bueltan elkartzeko. Babarrunak aukeratu genituen garaiko produktua delako, eta osasutsua gainera. Hasieratik argi genuen bertako baserrietan erositako produktuekin egin nahi genuela bazkaria, eta herriko baserritar eta ekoizleei erosten diegu lehengaia. Oso gustura gaude, babarrun janak herritarren artean harrera oso ona izaten duelako.
Zein duzue menua?
Babarrunak, aza, odolkia eta txorizo egosia, eta postrerako gazta. Lehen urtean kalkulatu genuen kilo bat babarrunekin zortzi lagunek jatea, baina partiketa egiterakoan justu ibili ginen. Orain lasaiago ibiltzeko kilo batekin sei lagunek jango dute.
Non prestatzen duzue?
Kiroldegi kanpoan karpatxoa jartzen dugu, eta bertan prestatzen dugu guztia. Babarrunak bi ordu eta erdian eginak egoten dira, eta loditzen uzten ditugu gero. Bukaeran kontuz berotzen ditugu, lapikora itsatsi ez daitezen. Bestalde, aza, txorizoa eta odolkia bakoitza bere aldetik egosten ditugu. Egia esan, hasieratik lagun baten amak lagundu digu babarrun jana prestatzen. Hark eskarmentu handia du sukaldean, eta 160 lagunentzat babarruna prestatzeko kontu handiz ibili behar izaten da, babarrunak itsasiz gero bazkaririk gabe geratuko baikinateke.