Orioko Caritasek bota du sanikolasetako txupinazoa

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abenduaren 6a

[caption id="attachment_313000" align="aligncenter" width="300"]Pello eta Nikolasa erraldoiekin kalejira. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pello eta Nikolasa erraldoiekin kalejira. 2015eko irudia. (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption] Atzo abiatu zituzten Orion San Nikolas Jaiak, eta Orioko Caritasek bota zuen festei hasiera eman dien txupinazoa. Elkarteko kideak oso gustura daude eman dieten aukerarekin, eta urtetan egindako lanaren aitorpena dela sentitzen dute. "Caritasek egiten duen lana aitortu nahi izan du Orioko Udalak. Elizak behartsuei beti lagundu izan die, baina abenduan Gipuzkoako Caritas erakunde bezala eratu zela 50 urte beteko dira. Beraz, urteurren berezia da guretzat", azaldu du Unai Manterola Orioko apaiza eta Orioko Caritaseko ordezkariak. Askotan Caritasek egiten duen lana ezkutuan geratzen da, baina herriko familia askorengana iristen da elkarteak ematen duen laguntza. "Konfidentzialtasuna mantentzen dugu beti, horregatik askotan gure lana ez da agerikoa izaten. Dena dela, eskerrak eman nahi dizkiegu Caritasi laguntza ematen dieten herritar guztiei, beren ekarpenik gabe ezingo baigenieke lagundu beharra duten oriotarrei". Manterolak argi du jendeari laguntzea "justiziazkoa" dela, baina Caritasek azaldu du "Ebanjelioan oinarrituta" ematen diela laguntza behartsuei. "Orain arte egin duten bezala, laguntzen jarraitzea eskertuko genieke herritarrei". Ostalarien egitaraua Dagoeneko jaian murgilduta daude oriotarrak, eta sanikolasetako festa batzordeak adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu ditu datozen egunetarako. Batzuk, urteak pasa ahala ohitura bihurtu dira San Nikolas Jaietan: babarrun jana, bertso saioa, 3x3 saskibaloi txapelketa eta Pello eta Nikolasa erraldoiekin kalejira, besteak beste. Azken ekitaldi hori indarra hartzen ari da herriko haurren artean. Gero eta gehiago dira etxean buruhandiak dituzten umeek, eta horregatik, herriko erraldoi eta buruhandiekin batera kalejiran ateratzera animatu ditu oriotarrak festa batzordeak. San Nikolas jaiak ostegunean amaituko dira, baina asteburuan ere jai giroa izan dadin, larunbaterako beste festa egun bat antolatu dute herriko ostalariek. "Herriko tabernariontzat oso garrantzitsua izaten da San Nikolas jaietako asteburua, horren zain egoten baikara urte osoan. Aurten sanpedroak eta sanikolasak astegunetan tokatu dira, eta festa luzatze aldera antolatu dugu larunbaterako festa", adierazi dute. Adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte larunbaterako, eta oriotarrak eta bisitariak festan parte hartzera gonbidatu dituzte herriko ostalariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide