Abenduaren 17ko Orioko Herri Lasterketan izena eman dezakete herritarrek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abenduaren 2a

Iazko Orioko Herri Lasterketako irudia. (Aritz Mutiozabal/Hitza) Abenduaren 17an (larunbata), Orioko Herri Lasteketa jokatuko da Orioko Herri Ikastolak antolatuta. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, parte hartu nahi duten herritarrentzat. Lasterketak 10 kilometro izango ditu, eta «guztiz laua» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Bi ibilbide osatu beharko dituzte korrikalariek. Bata 7 kilometrotakoa, Orioko hondartza eta Ortzaika auzoa lotuko dituena, eta bestea 3 kilometrokoa, ibai ondoko pasealekuan barrena Ikastolatik Orioko hondartzara joan-etorria. Lasterketa 16:00etan hasiko da Orioko Herri Ikastolaren aurrean. Dena dela, parte-hartzaileak aldez aurretik egon beharko dute eremuan, eta nahi izanez gero arropa jasotzeko zerbitzua izango dute Ikastolako pergola azpian. Lasterketa bukatutakoan Orioko Karela Kiroldegian dutxatu ahalko dute parte-hartzaileek. Lasterketan parte hartu nahi dutenek kirolprobak.com webgunean izena eman behar dute, abenduaren 16ko 22:00ak baino lehenago. Txip horia ez dutenek 13 euro ordaindu beharko dituzte, eta txip horia dutenek 12 euro. Haurren lasterketa Haurren artean korrika egiteko zaletasuna sustatzeko asmoz haurrentzat lasterketa ere antolatu du Orioko Herri Ikastolak abenduaren 17rako, 2005-2010 urte bitartean jaiotako haurrentzat. Helduen lasterketa baino lehenago jokatuko da, 15:45 inguruan hain zuzen ere. Parte-hartzaileak adinaren araberako ibilbidea osatu beharko dute. Parte hartu nahi duten haurrek irteera puntuan eman behar dute izena, 14:30etik 15:30era. Doakoa da izena ematea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide