Orioko EAJk babesa agertu dio Joxe Angel Zaldua alkateari

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abenduaren 1a

Astearteko udalbatzarra. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pasa den ostiralean argitaratu zen Karkara aldizkariko 378. zenbakia, eta bertan Ana Priede Orioko PSE-EEko zinegotziak Orioko alkate Joxe Angel Zalduaren inguruan hainbat adierazpen egin zituen. Udalbatzarrean Orioko EAJk babesa agertu zion alkateari. Adierazpena irakurri zuen Aitziber Campos zinegotziak EAJ taldearen izenean, eta nabarmendu zuenez, «oriotarren bizikalitatea hobetzea helburu dugunean alderdikeriak eta norberekeriak alde batera utzi behar» direla. «Alderdi guztiok komunean dugun helburuari ez baitio onik egiten norbanakoen izena zikintzea bilatzen duten adierazpenek. Horrek ez dio ezer onik ekarriko herriari, eta hori da gehien kezkatzen gaituena», azaldu zuen Camposek. Adostasun nahia Horretaz gain, zinegotziak azaldu zuen EAJ udal taldeak, alkatea buru dela, hainbat proiektu atera dituela aurrera azken bi urteetan. «Horren atzean udal talde guztiaren lana dago. Argi dugu egunerokoan hobetu daitezkeen eremuak badaudela, eta horretan ahalegintzen gara egunero». Proiektuak aurrera ateratzeko garaian, udal talde desberdinen artean adostasunak lortzea ezinbestekoa dela uste du EAJk. «Denok nahi dugu onena gure herriarentzat, eta orain artekoak argi erakutsi du guztiok gaudela akordioetarako prest. Ahalik eta adostasun maila handiena lortzea da gure asmoa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide