Hondartzako tabernen inguruan eztabaida sortu da udalbatzarrean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2016ko abenduaren 1a

Hondartzako taberna bat. (Aiora Larrañaga/Hitza) Astearte iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta 2002tik 2014era bitartean hondartza gaineko tabernetan hainbat kontzesiodunek utzitako zorrari baja ematea onartu zuen udalbatzak EAJren aldeko botoekin. Idazkariak azaldu zuenez, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunak saiakerak egin dituzte diru hori errekuperatzeko, baina ez dute lortu. «Legeak dio horrelako kasuetan baja eman behar zaiela kontzesiodun horiei Orioko Udaleko kontabilitatetik, altxortegiak diru hori berreskuratuko ez duelako». EH Bildu hartutako neurriaren aurka agertu zen, eta Emeterio Iribar bozeramaileak adierazi zuen 255.000 euroko zorra «kudeaketa akats larriaren ondorioa» izan dela, eta EAJrena dela horren «erantzukizuna». «2004-2010 bitartean izan dira kontzesiodunak bi-hiru urtetan zehar kanona ordaindu ez dutenak. Garaiko EAJko udal gobernuek ez zuten neurririk hartu kontzesioak indarrean zeuden bitartean, eta arduragabekeria iruditzen zaigu», adierazi zuen. Hondartzako tabernekin jarraituz, eskariak eta galderak atalean, oposizioak Gure Aitona tabernaren gainean azalpenak eskatu zizkion Joxe Angel Zaldua alkateari. Izan ere, alkate dekretuz erabaki du alkateak Gure Aitona tabernako itxiturako hainbat kostu Orioko Udalak bere gain hartzea, «eta ez dago horren inguruko eskaera formalik jasota udalean» zehaztu zuen Iribarrek. Zalduak udalbatzarrean azaldu zuenez, pergolak segurtasun arauak betzen ez zituela eman zitzaion taberna kontzesiodunari. «Bi aukera zituen, segurtasun arauak betetzeko uhalak jartzea eta egitura indartzea, edo pergola kentzea. Nik nahiago nuen pergolak hor jarraitzea, eta horregatik erabaki nuen udalak bere gain hartzea segurtasun neurrien kostua», zehaztu zuen. Ildo horretan, «gardentasun printzipioak jarraituz», Orain udal taldeak alkatearen ahalmenez hartutako erabaki guztiak batzordeetan azaltzeaz gain, udalbatzarrean ere azaltzeko eskatu zion alkateari, «aktan jasota geratu daitezen eta herritarrek ere horien berri izan dezaten». Kreditu aldaketak Hainbat kreditu aldaketa ere onartu zituzten osoko bilkuran. EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin aurrera atera ziren; besteak beste, Mutiozabal proiektua gauzatzeko, Kanpinean hainbat lan eta Etxeluzen inbertsioak egiteko, bide publikoak mantentzeko eta Baxoalde 11 eraikinean beharrezkoak diren hainbat lan egiteko partidak onartu zituzten. Orain udal taldeak ez zuen bozketan parte hartu nahi izan. Miriam Uranga bozeramaileak argitu zuenez, beraiek ez daude kreditu aldaketen aurka, baina ez zaie bidezkoa iruditu prozedura. Urangaren esanetan, «2016ko aurrekontua itxi zenean adostu genuen, urte bukaeran soberakinaren kopuru zehatza jakiten genuenean, batzorde batean lehentasunak markatu eta lau alderdien artean bozkatuko genituela proiektuak». Dena dela, Orain taldeko bozeramaileak adierazi zuen kreditu aldaketa egina eman zaiola oposizioari, eta uste du denen artean erabaki beharko litzatekeela zer proiektu burutu. Horren aurrean, gaia Obra eta Zerbitzu Batzordean jorratu zela erantzun zion alkateak, eta lehentasunak markatu zirela bertan. Urangaren ustez, ordea, «bertan adostu ziren hainbat gai, ez daude kreditu aldaketan jasoak». Kreditu aldaketetan baiezkoa bozkatu bazuten ere, EH Bilduk adierazi zuen bat datorrela Orain udal taldearen sentipenarekin. 2014ko Kontu Orokorrak Udalbatzarraren amaieran, herritar batek hitza hartu zuen: «Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Orioko Udalaren 2014ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana egin du, eta orain pare bat hilabete jaso da udaletxean. Jakin nahi dut ea Udal Gobernuak bertan agertzen diren iritziak oriotarrei emateko asmoa duen?». Herritarraren galderaren aurrean, alkateak adierazi zuen gaia webgunean «oso-osorik publiko» egiteko eragozpenik ez duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide