Jendetza bildu da Orion, haur bati egindako ustezko sexu erasoa salatzeko

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 29a

"Erruki begiradak alde batera utzi, eta haurrari babesa ematea, indartzea eta ausardiagatik txalotzea" oriotarren esku dagoela aldarrikatu du Orioko Xaltxerak taldeak herriko plazan.

Asteleheneko elkarretaratzea. (Karkara.com) Atzo iluntzean elkarretaratze jendetsua egin zuten, Orion herriko haur bati egindako ustezko sexu erasoa salatzeko. Lau egunen bueltan egin zuten bigarrena izan zen. Hain zuzen ere, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean haurren aurkako indarkeria salatu baitzuten. «Lau neska eta zazpi mutil adingabeetatik banak sexu erasoak jasotzen dituzte, eta kasuen %70ean erasotzaileak familiakoak izaten dira» azaldu zuten ostiralean Xaltxerak talde feministako kideek. Larunbatean argitaratutako kasuaren aurrean, astelehenerako elkarretaratzea deitu zuen Xaltxerak taldeak, eta argi azaldu zuten, «nazkagarriak eta barkaezinak» direla herriko haur batek jasan dituen erasoak. «Ez gara nekatuko indarkeria patriarkalak ekarritako eraso guztiak salatzeaz. Indarkeria patriarkalaren biktima diren haur babesgabeak babestuko ditugu». Xaltxerak taldeko kideen iritziz gatazka horri irtenbidea emateko, ezinbestekoa da «egoera horretan sortzen den isiltasuna haustea, atearen atzetik ateratzea, eta ozenki salatzea». Ildo horretan, «norbanakoen inplikazioa eta erakundeek babesguneak eraikitzeko lan egitea» oso garrantzitsua dela adierazi zuten. Herritarrek ere ahalegin horretan parte hartu behar dutela uste dute, eta elkarretaratzean azaldu zuten, oriotarren esku dagoela «erruki begiradak alde batera utzi eta haurrari babesa ematea, indartzea eta ausardiagatik txalotzea. Hemen gaudenon babesa ez dadila plazan geratu, ausartu gaitezen erasoak eta erasotzaileak gaitzestera».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide