Baliza elkartea aurkeztu zuten atzo Orion. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Atzo iluntzean jendaurrean aurkeztu zuten, Orion 2017ko udaberrian burujabetzaren inguruko herri galdeketa sustatuko duen Baliza elkartea. Salatxo aretoan egin zuten agerraldia, eta Nagore Rementeriak eta Ibon Gaztañazpik elkartearen helburuak azaldu zituzten, ekitaldian atxikimendua emateko bildu ziren herriko eragileen eta norbanakoen babesarekin. Horretaz gain, aurrerantzean elkarteak eman beharreko pausuak ere zehaztu zituzten. «Etorkizuna erabakitzeko herri galdeketaren olatura igotzeko garaia iritsi da; gaurtik aurrera erabakia aldarrikatzetik, herritarrei hitza ematera pasatu nahi dugu. Izan ere, erabakitzeak egiten gaitu herri; erabakitzeak elkarrizketari begira jartzen gaitu, eta erabakitzeak elkar onartzea eta errespetatzea ekartzen du. Elkarrekin erabaki behar dugu zer izan nahi dugun, hobeto bizitzeko», adierazi zuten.
Urrian Azkoitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak herri galdeketak egiteko lekukoa jaso zuten Azpeitiaren eskutik. 2017ko udaberrian galdeketa egingo dute eskualdeko zazpi herritan, eta hori bideratzeko sortu dute Orion Baliza elkartea. «Elkarte anitza eta irekia da, herritar guztiei zabalik dagoena. Bakoitzaren pentsaera eta sentsibilitatea errespetatuz, herritarrok bat egin dugu galdeketa aurrera eramateko», azaldu zuten.
Sinadura bilketa
Udaberria bitartean hainbat urrats egin behar ditu Baliza elkarteak Orion: galdera adostu, sinadurak bildu, eta ekimena gizarteratzeko ekitaldiak antolatu, besteak beste.
Horretaz gain, datozen hilabeteetan oriotarren artean erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera eta ilusioa zabaltzea izango da Baliza elkartearen erronka. Bide horretan, herriko eragileen eta norbanakoen babesa ezinbestekoa dela uste dute Baliza elkarteko kideek. «Elkarrekin lan eginez lortuko dugu datorren udaberrian Orion galdeketa egitea; oriotarrei hitza ematea».
Ildo horretan, elkartearen hurrengo urratsa ekimenaren alde sinadurak biltzea izango da. «Gaur bezala, hortxe izango zaituztegula badakigu. Eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur etorri zaretenoi eta ekimenarekin bat egiten duzuen oriotar guztiei», esanez hasi dute bidea.