Ibai Marin musikaria. (Aiora Larrañaga/Hitza)
IBAI MARIN - Musikaria
Ibai Marin (Donostia, 1978) musikaria Orion bizi da duela urte batetik, eta kontzertua eskainiko du abenduaren 2an, 22:30etik aurrera, Orioko Kultur Etxean. Marinek ibilbide luzea du musikaren munduan, 1998tik pasa den urtera arte Hira taldeko kide izan zen. Taldearen jarduna gelditu egin zen iaz, eta orain bakarlari moduan ibilbidea abiatu du Marinek. Kontzertua doakoa izango da, baina sarrerak aldez aurretik hartu behar dituzte herritarrek Kultur Etxean.
Bakarlari gisa publikoaren aurrean jartzea desberdina al da?
Guztiz desberdina da. Taldearekin beste babes bat izaten du musikariak eskenatokian; gu, gainera, oso lagunak ginen eta hori antzeman egiten zen oholtza gainean. Bakarlari bezala, beldur askori aurre egin behar dio musikariak, eta errespetua ematen du.
Taldearekin urte asko egin zenituen, ibilbide garrantzitsua duzu beraz?
Hira taldearekin 15 urtetik gora egin genituen, eta bidean bost disko grabatu. Esperientzia hori lagungarria da bakarkako proiektua abiatzen denean, baina ondo egiteko intentzioa dagoenean, ardura puntua eta beldurra sortzen dira. Egia da, kontzertuak eman ahala konfiantza irabazten joan naizela, eta beldurrak desagertzen joan dira.
Hira taldearekin heavy metal eta hard rock-a egiten zenituen. Eta bakarka?
Ez du zerikusirik orain arte egin dudanarekin. Nik rocka beti maitatu izan dut, eta kutsu hori nabaritu daiteke nire musikan. Hira taldeko kantuak nik sortzen nituen, eta orain ere abestiak nik sortzen ditut. Beraz, nire esentzia nabari daiteke bi proiektuetan. Orain jorratzen ari naizen musikak Euskal Herriko kantarien kutsua du, baina rock puntua ematen diot.
Duela urtebete etorri zinen Oriora bizitzera. Zer moduz hartu zaituzte herrian?
Oso gustura nago. Herri txikietan zailagoa izaten da herriko giroan integratzea, baina Kultur Tailerreko kideek eta Kultur Etxeko arduradun Imanol Urkizuk asko lagundu didate. Horrek herrian murgiltzen lagundu dit.
Kultur Tailerrean entseatzen duzu, herriko beste hainbat musika taldek bezala. Beste musikariekin sinergiak sortu al dira?
Bai, denok musika dugu zaletasuna, eta gure arteko komunikazioa oso ona da. Ni, esaterako, Haritz Pardina izeneko musikari gazte batekin elkarlanean ari naiz, gitarra-jotzailea da bera. Abenduaren 5erako, kontzertu berezia antolatu du Orioko Udalak, eta Kultur Tailerrean entseatzen dugun musikarioi bertan jotzeko aukera eman digute. Kontzertu horretarako, ideia polita iruditu zitzaidan talde baten babesarekin oholtza gainera igotzea, taldeak musika aldetik indar gehiago izan ohi duelako, eta beste musikarekin nahasketa musikala interesgarria izan daitekeelako. Haritz Pardinarekin landu ditut hainbat kantu, eta oso gustura nago musikari gazteak izan duen prestutasunarekin eta lortu dugun emaitzarekin.
Elkartruke hori aberasgarria izaten al da?
Gauza asko ikasten dira besteen lana entzunaz eta iritziak partekatuz. Oso aberasgarria da.