Berdinduz proiektuko koordinatzaile Ibai Zubizarreta. (Aiora Larrañaga/Hitza)
IBAI ZUBIZARRETA - Berdinduz proiektuko koordinatzailea
Urrian martxan jarri zenuten Berdinduz proiektua. Zein izan da lehen hilabeteetako lana?
Lehen hilebete hauetan Orioko kirol eta kultur elkarteekin hitz egiten aritu naiz proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Bi ikastetxeetara joan naiz, eta ikasleen artean eskuorriak banatu ditugu Berdinduz proiektua zer den azaltzeko. Etortzen zaizkigun laguntza eskaeren arabera antolatzen ari gara. Adibidez, behar bereziak dituen gazte batek igeri ikasi, arraunean egin edo esku pilotan jolastu nahi badu, dagokion elkartearekin hitz egiten dugu, haur edo gazte horrek, boluntario baten laguntzarekin, taldeko gainontzeko kideekin batera kirola egin dezan.
Dagoeneko praktikan jarri al duzue proiektua ?
Bai, behar bereziak dituen gazte batek multikirol jardueretan parte hartu dezan boluntario bat jarri diogu. Lehen saioetan elkar ezagutzen ari dira bi lagunak. Gaztearen beharren eta ezaugarrien arabera lana egiteko modu desberdinak daude. Itxua den lagun batek ez du inolako arazorik ulermenean, baina trastorno autista duen batek ulermenean edo komunikatzeko zailtasunak izan ditzake. Oso kasu desberdinak dira, eta ezaugarri horiek kontuan hartuta egiten dugu plangintza.
Boluntarioek formakuntza jasotzen al dute ?
Bai, nik kasu bakoitzaren azterketa egiten dut, eta behar horien inguruko informazio txostena prestatzen dut. Adibidez, trastorno autista duen gazte guztiek ez dituzte ezaugarri guztiak betetzen. Gazte bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, boluntarioari azaltzen diogu hartu-emanak nolakoa izan behar duen, eta kirola nola landu behar den berarekin.
Zein da Berdinduz proiektuaren helburua praktikan?
Kasu bakoitzaren arabera helburuak desberdinak izaten dira, eta, eboluzio bat dagoen heinean, helburuak aldatzen joan daitezke. Multikirol jarduerak egiten ari den gaztearentzat esaterako oso zaila da gainontzekoekin batera saioa jarraitzea. Horregatik, gaztea saioan zehar aretoan egoten da, baina oraingoz boluntarioarekin ariketak egiten ondo pasatzen du. Gaztearen gurasoak oso gustura daude, kiroldegiko entrenamendu batean egon ohi den zalapartarekin lasai eta gustura egotea aurrera pausu handia dela uste baitute.
Elkarteek jarrera ona agertu al dute proiektuarekiko?
Elkarte guztiek baiezkoa esan digute, baina beldur pixka bat badutela ere antzematen dugu. Normalean kirol elkarteen jarduna errendimendura bideratuta dago, horregatik askori zaila egiten zaie behar bereziak dituen gazte bat dinamika horren barruan ikustea. Argi izan behar dute, gazte horren helburuak desberdinak direla. Astean behin edo bitan parte hartu dezake entrenamenduan, gainontzekoekin egongo da aldageletan; beste taldekideekin hasiko du entrenamendua, baina ariketa asko jarraitu ezingo dituenez, bere boluntarioarekin ariketa espezifikoak egingo ditu.
Gizartea gaiarekiko sentsibilizatuta al dago?
Gero eta sentsibilizatuagoa dago gizartea, eta nahiko nuke gazteak boluntario izatera animatzea ere. Izan ere, behar bereziak dituzten gazteentzat oso aberasgarria da beste gazte batzuekin harremana izatea; boluntarioaren figura gurasoekin erlazionatu beharrean, lagunarenarekin lotzea nahi dugu. Dena dela, jakin badakit Oriok bost mila biztanle dituela, eta boluntario sare espezifikoa lortzea ez dela erraza.
Boluntarioak behar al dituzue?
Bai, iaz boluntario askok izena eman zuten, baina proiektua ez da martxan jarri iraila arte, eta ikasturte berriarekin horietako askok beste eginbehar batzuk dituzte. Bestalde, behar bereziak dituzte gazteak ere proiektuan parte hartzera animatu nahi ditugu, ezagutzen baititugu herrian laguntza eskatu ez dutenak. Proiektu berritzailea da, Europan ez dugu ezagutzen mota honetakorik, eta gazteak proiektuaz baliatzea nahi dugu.