Xabier Sukiak emango du bertsolaritza tailerra. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Euskara ikasleek bertsoaren mundua zer den jakin dezaten eta hobeto ulertzeko klabe batzuk ikas ditzaten tailerrak antolatu ditu AEK-k datorren asterako. Bi saio izango dira; lehena, astelehenean egingo dute 10:15-etik 11:45era, eta, bestea, ostegunean 18:30etik 20:00etara.
Saio parte-hartzaileak izango dira, eta Xabier Sukia bertsolari eta irrati esataria arduratuko da bertsolaritzaren inguruko azalpenak emateaz.
AEK-tik azaldu dutenez, euskara-ikasleek, sarritan, zailtasunak izaten dituzte euskal kulturara iristeko, ondo ulertzen ez dutelako. «Bertsoekin nabarmena da hori, hizkuntza bera delako bertsoaren muina eta hortxe dutelako ikasleek zailtasunik gehien». Arazo horri aurre egiteko antolatu du Orioko AEK-k bertsogintza tailerra.
Ikasgelatik kalera
Orioko AEK-k aurten euskaltegiaren eta herriaren arteko harremana landu nahi du, eta elkarren ezagutza sustatu nahi du. Horretarako, Oriok eskaintzen dituen kultur aukerak aprobetxatuz, aldian behin, ikasgelatik aterako dira ikasleak. Modu horretan euskal kulturarekiko interesa piztu nahi du AEK-k ikasleengan. Bertsolaritza tailerrarekin esaterako, euskara ikasleek bertan ikasiko dutenari esker, bertsogintza zer den ulertzea, eta interesa piztea lortu nahi dute, Orion antolatzen diren bertso-saioetara joan daitezen bertsoarekin gozatzera.