Xaltxerak taldeko hainbat kide kartelak itsasten. (Orioko Xaltxerak)
Xaltxa Badago jaialdi feminista egingo dute bihar arratsalde-gau partean Orion. Alde batetik, herri mailan eta inguruan Orioko Xaltxerak talde feminista ezagutzera ematea du helburu jaialdiak. Horretaz gain, emakumeek espazio publikoa okupatzea ere lortu nahi dute ekimenarekin. «Espazio publikoa gizon eredu jakin batentzat sortuta dago, eta emakumeok mugatuta gaude hainbat espaziotan. Gaztetxeak esaterako, tradizionalki eremu maskulinizatuak izan dira, ildo horretan ideia polita iruditu zitzaigun jaialdi feministarekin gizonak nagusi izaten diren espazio bat gureganatzea. Horregatik antolatu ditugu jaialdiko hainbat ekitaldi gaztetxean».
Sexualitate tailerrak eta Bertsxortan saioak sexualitate gaia izango dute ardatz. «Sexualitatearen ikuspegi sozialaren hausnarketa kritikoa bultzatu nahi dugu ikuspegi feminista batetik» azaldu du Eider Goiburu Xaltxerak taldeko kideak.
Tailerra saio parte-hartzailea izango da, eta ikuskizunean ikusleek jarrera pasiboagoa izango badute ere, hausnarketa kritikoa bultzatuko dute bi kasuetan. «Sexualitatea gai tabua da askotan emakumeen artean. Horregatik, aztertuko dugu gure jarrera, desioa eta gorputza gizarteak ezarrita dituen estereotipo eta bideetan oinarrituta dagoela». Estereotipo horiek zein modutan transmititzen diren hausnarketa kritikoa egingo dute tailerrean, eredu hegemonikoarekin hautsi eta «gure sexualitatea askatasunean bizi ahal izateko», azaldu du Eider Goiburuk.
Generoak lerrokatuta
Tailerra adin guztietako herritarrentzat oso baliagarria izango dela uste dute Xaltxerak taldeko kideek. «Gaur egun dagoen diskurtso politikoki zuzenak esaten du gure gorputza eta jokaera ez daudela baldintzatuta generoagatik eta gizarteagatik». Hala ere, Goiburuk uste du xehetasun txikiei erreparatzen badiegu, «erraz ohartuko gara gizon eta emakume izatea gizarte matxista bateko genero sozializazio batean oinarritzen dela». Emakumeak era batera izan behar dute, eta gizonak beste batera: «Askotan gehiegi pentsatu gabe arau horiek jarraitzen ditugu».
EGITARAUA
- 17:30. Sexualitate tailerra Salatxo aretoan Eider Goibururekin.
- 19:30. Bertsoa, kanta eta antzerkia uztartzen dituen Bertsxortan saioa Etxeluze gaztetxean.
- 22:30. Kontzertuak gaztetxean: La Furia (rap feminista), Vinagre de Moderna (punk rock), Koxka (euskal musika) eta Dr. Myrna (musika dantzagarria). Sarrerak sei eurotan.