Jatorrizko hizkuntzen biziberritzea izango dute hizpide hilaren 17an Orion

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 10a

Ostegunean 19:00etatik aurrera Salatxo aretoan izango da Jatorrizko Hizkuntza biziberritzen mahai-ingurua, eta hizkuntza gutxituak dituzten hainbat komunitate beren hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren lana ezagutarazi nahi dute bertan; era berean parte-hartzaileen artean esperientziak trukatzea ere lortu nahi dute Garabide elkarteak eta Orioko Udalak. Garabide elkarteak urteak daramatza Ameriketako eta munduko hainbat herrialdetan jatorrizko hizkuntzen alde lanean, tokian tokiko elkarteekin. Orioko Udalak eta Garabide elkarteak 2013an hitzarmena sinatu zuten garapenaren eta hizkuntza normalizazioaren alorrean elkarlana bideratzeko, eta bi erakundeen arteko elkarlan-hitzarmenaren harira antolatu dute datorren osteguneko mahai-ingurua. Lau hizlarik parte hartuko dute ekimenean: Garabide elkarteko Jon Sarasuak, Boliviako Elias Caurey guarani hiztunak, Ekuadorgo Jose Nañez kitxua hiztunak eta Kolonbiako Viviana Gonzalez nasa hiztunak. Mahai-inguruan beren hizkuntzaren egoera zein den eta hura biziberritzeko zer egiten ari den azalduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide