Gorka Aranberri izango da Orioko traineruko patroia

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 10a, 10:19

Gorka Aranberri izango da Orioko patroia. (Bermeo Arraun Argazkiak) Zurrumurru asko zebiltzan azkenaldian, eta Orioko entrenatzaile berria den Jon Salsamendik atzo baieztatu zuen Radio Euskadiko Fuera de juego saioan. Orain arte Urdaibain jokatu duten Gorka Aranberri eta Berzaitz Azkue zarauztarrak Orion ariko dira 2017 denboraldian, baita Alexander Esteban (Portugalete) eta Paul Galdiz (Kaiku) ere. Era berean, Jon Albizu zarauztarra eta azken urtetan aulki mugikorretan aritu den Imanol Garmendia etxeko arraunlaria taldera itzuliko direla jakitera eman zuen irratian entrenatzaileak. "Ahal den talderik lehiakorrena osatzen saiatuko naiz". Aurreko denboraldiarekin alderatuz zazpi baja daude taldean, sei arraunlari eta patroia. "Hori kontutan hartuta, arraunlari berriekin taldea osatzen ari gara. Dena dela,  bloke nagusia azken urtetan Orion arraunean aritu diren arraunlariek osatuko dute" azaldu zuen Radio Euskadin. Astelehenean abiatuko dute denboraldia Orio Arraun Elkarteko senior mailako gizonezkoek, eta asteartean bilera egin zuen Salsamendik arraunlariekin. Bertan denboraldiari begira dituen asmoak, entrenamenduetan jarraituko duten martxa eta beste hainbat xehetasun azaldu zituen entrenatzaile berriak. Besteak beste, azpimarratu zuen negu partean elkarteko senior mailako gizonezkoen bi traineruek elkarrekin entrenatuko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide