Joseba Brit bere auzoan paseatzen. (Joseba Brit)
Ameriketako Estatu Batuetako Portland hirian bizi da Joseba Brit (Orio, 1984) duela bost urtetik.
Gorka Alkorta (Azkoitia, 1980), berriz, hamahiru urtez bizi izan zen AEBetan. Gaur egingo dituzten bozak ulertzeko hainbat giltza eman dituzte.
JOSEBA BRIT- AEBn bizi den oriotarra
Hauteskundeak izango dira gaur. Zer giro nabaritzen duzu inguruan?
Jendea urduri, kezkatuta eta motibaziorik gabe ikusten dut. Hauteskunde prozesua ikaragarri luzea da hemen; bi alderdi nagusiek primarioak egin zituzten hilabete luzeetan, eta jendea nekatuta dago. Asko eta asko ez daude gustura bi aukera nagusiekin; bata gezurtia, eta bestea narzisista kirten bat, biak izugarri aberatsak. Jende askok, inoren alde egin beharrean, bestea presidente izatera irits ez dadin bozkatuko du. Trikimailu zikinak biek erabili dituztela denok dakigun arren, biek dute beren alderdien babesa.
Bozkatzeko aukerarik izango al duzu?
Zergak garaiz eta fin-fin ordaintzen ditudan arren, ezin dut bozkatu, hemen bizitzeko baimena badut ere, ez bainaiz herritarra. Herritar bihurtzeko prozesua hastea posible nuke, baina oraingoz ez dut asmorik.
Desberdin bizi al dituzte herritarrek hauteskundeak AEBetan eta Euskal Herrian?
Eztabaida pare bat ikusi ditugu taberna batzuetan, eta jendea oso motibatuta egoten da. Horrez gain, Bernie Sandersen aldeko ekitaldi batean izan ginen, eta Euskal Herrian egiten direnen usain handia hartu nion, arima oso antzekoa zuen. Hauteskundeen emaitza ikustera hemengo irrati bateko festa batera joango gara lagun batzuekin; horietako batek pasaportea berritu berri du, Donald Trump presidente ateraz gero, berehala beste nonbaitera joateko.
Herritarrek parte hartzen al dute kanpainetan?
Portlanden Sandersek indar handia izan zuen Hillary Clintonen aurka jokatu zituen primarioetan, eta orduan jende asko ikusten zen haren kartelekin. Orain kaleak isilago daude; izan ere, jendaurrean inor ez da oso harro ageri Clintonen edo Trumpen alde. Mitinetan militanteek egiten duten boluntario lana oso garrantzitsua izaten da.
Zein da faboritoa?
Demokraziaren magia izango da, baina biak parean omen daude. Grazia egiten dit: nola gaude hainbeste herrialde erdi-erditik banatuta? Akaso, showaren parte izango da. Clintonekin egindako aurreneko eztabaidan, hanka sartze galantak egin zituen Trumpek. Orduan, Clintonek hamar bat puntuko abantaila hartuta ere, parean omen daude orain. Hori emozioa...
Bi hautagaiak oso kritikatuak dira. Zer iritzi duzu?
Horrelako herrialde bateko presidente izateko gisa honetako bi hautagai izatea nahiko eskasa eta penagarria da. Trumpen izaera bezain lotsagarria da atzetik duen jende piloa; bere erantzun sinplistek gehiegi pentsatu nahi ez duen jendea erakartzen dute nonbait. Bestalde, jende askok du emakume bat presidente izateko ilusioa, baina gezurretan eta ezkutuan sarri harrapatu dute Clinton, eta ez du konfiantza gehiegi ematen. Hemen ere alderdi txikiei bozkatzea alferrikakoa dela esaten dute; bi alderdi nagusiek, noski. Ni Sandersen aldekoa nintzen.
Nork irabaztea gustatuko litzaizuke?
Trumpek ez dezala irabazi; deabruaren ondoan, lapurra hartuko nuke lagun. Hillaryk sekulako boterea eta eragina du, eta uste dut dagoeneko irabazi duela, bozkak kontatu beharrik gabe.
Trumpek atzerritarrekiko oso diskurtso gogorra du. Gizartean zabalduta al dago mezu hori?
Atzerritar batzuekiko du diskurtso gogorra; azala zuria izanez gero, libre gara! Hitlerrek egin zuen bezala, jendearen beldurrak eta haserreak elikatzen jardun du aspaldian, diru dena atzerritarrek eramaten dutela eta biolentzia dena beraiek sortzen dutela esanez. Diskurtso erraza da gogoeta egin nahi ez duenarentzat. Programa aurkeztu ordez, errazagoa da errua beste batzuei bota, eta, bitartean, urteetan zergarik ez ordaintzea!