Dorronsoro janari dendako argazki zaharra. (Dorronsoro janari denda)
Herriko kaleetan sortzen den giroak berezi egiten du Orio. Herri txikia bada ere, merkataritza eta ostalaritza eskaintza zabala du, eta Arkupe Merkatari eta Ostalari elkarteko kideek giro hori bizirik mantentzeko ahalegin berezia egiten dute egunero. «Imaginatu dezagun komertzio txikirik gabeko herria. Lokalak itxita eta pertsianak jaitsita», proposatu dute elkartetik. «Herria guztiz desberdina izango litzateke, tristea, iluna eta izaerarik gabeko herria». Ildo horretan, herriko merkataritza sustatzea du xede Arkupe Asteak, eta aurten mende erdi inguru irekita daramaten dendek eta tabernek egindako lana nabarmendu du elkarteak: Dorronsoro janari denda, Iparragirre Auto Zerbitzua, Ramiro Argazkiak eta Gabon taberna.
50 urte erraz esaten bada ere, bidean merkatari eta tabernariek «lan asko» egin behar izan dute garai berrietara egokitzeko. «Gizartearen beharrak aldatu egin dira, eta gu ere aldatzen ari gara une oro», aitortu du Lourdes Dorronsoro, Dorronsoro janari dendako arduradunak. Iritzi berekoa da Jose Ramon Iparragirre ere: «Gure aitak denda txiki bat ireki zuen hasieran. Orduan produktu gehienak pisura saltzen genituen, eta bezeroarekin harremana oso gertukoa zen». 70-80ko hamarkadetan ordura arteko merkataritza eredua aldatzen hasi zen, eta denda eredua aldatu egin zuten bi kasuetan. «Aldaketa handia izan zen guretzat».
«Diru gehiago herrian»
Maite Garcia Lertxundik aitaren erreleboa hartu zuen argazki dendan. «Ni irakaslea nintzen, eta aita erretiroa hartzera zihoanean pena eman zidan negozioa ixteak. Garai horretan, gainera, argazkilari bakarra zegoen herrian. Horregatik, nire lanpostuan lan utzialdia hartu nuen, eta argazkilaritzan sartu nintzen. Ordutik horretan nabil».
Ramiro Argazkiak dendaren argazki zaharra. (Ramiro Argazkiak)
Teknologia berriek argazkilaritza nola aldatu duten ikusi du Garcia Lertxundik. «Gogoan dut aita nola ibiltzen zen lupa handi batzuk zituzten betaurrekoak jantzita, arkatz zorrotz batekin, argazkiak txukuntzen. Argazki digitala sortu denetik argazkilaritzan iraultza eman da».
Merkataritza ez ezik, ostalaritza ere asko aldatu da mende erdian Orion. Gabon tabernako Jone eta Idoia Gozategik ederki dakite hori: «Garai batean arrantza ontzi asko zeuden herrian, eta oriotarrek askoz diru gehiago izaten zuten gastatzeko. Orokorrean jende gehiago ibiltzen zen tabernetan, kuadrilla handiak biltzen ziren gurean, eta txikiteoan ere jendetza ibiltzen zen». Gaur egun, berriz, «gazteak lokaletan biltzen dira, eta familiak Pintxo Potera ateratzen dira ostiraletan; gainontzean kafearekin lan egiten dugu».
Etorkizun «zaila»
Mende erdi zabalik daramaten arren, «etorkizuna zaila» ikusten dute. «Oso bizimodu gogorra eta lotua da gurea, eta gure seme-alabek beste bide bat hartu dute» diote denek. Horregatik, oraingoz behintzat, eurek erretiroa hartzen dutenean pertsiana itxiko dute Orioko historia garaikidearen lekuko izan diren horiek
ARKUPE ASTEKO EGITARAUA
Gaur, azaroak 4.
- 18:30. Low Riders Band eta Woodstock musika taldeen kontzertua Hendaia Plazan eta Arrantzale kale hasieran.
- Arkupe pintxoa eskainiko dute tabernek euro baten truke, eta hori eskatzen duten herritarren artean zozketa egingo da.
- 22:00etatik 04:00etara. Tourra DJa Errusta eta Kalari tabernetan.
Azaroak 11, ostirala.
-18:30. Low Riders Band eta Woodstock musika taldeen kontzertua Hendaia Plazan eta Arrantzale kale hasieran.
- Pintxo Arkupe ekimena.
Zozketa herriko dendetan
Gaurtik azaroaren 11ra bitartean Arkupeko dendetan erosketa egiten duten herritarrek, 100 euroko bost bonoren zozketan sartuko dira.
Arkupe pintxoa ekimeneko zozketako sariak. (Arkupe elkartea)