Orioko Kepa Loidi harakinak irabazi du Azpeitian Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketa

Nerea Uranga 2016ko urr. 29a, 15:46

Libre Ardo Dastaketa Eguna izan da gaur Azpeitian, festa giroa eguraldi epelak lagundu du. 23 upategitako ardoa dastatzeko aukera izan da, eta laguntzeko txorizoa, hirugiharra eta gazta pintxoak eta patatak errioxar erara errazioak jateko modua ere egon da. Kioskoaren aurrealdean jende asko bildu da. Festa egunaren barruan, Euskal Herriko IV. Txorizo Egosi Lehiaketa ere jokatu da. Azpeitian Libre Ardo Dastaketa Eguna (Nerea Uranga/Hitza) Txorizo egosiaren lehiaketan 30 harakinek hartu dute, eta lehia estua izan da: lehen 10-12ak nahiko berdinduta ibili dira. Txapelketa Orioko Kepa Loidi harategiak irabazi du; iaz bigarren egin zuen. Bigarren saria ere Urola Kosta eskualdean gelditu da, Zestoako Uzkudunek jaso du, honek aurreko edizio batean hirugarren saria jasota du. Hirugarrena Altsasuko Aldasoro harategiarentzako izan da, laugarrena iaz irabazle izandako Azpeitiko Odriozolari eman diote, eta bosgarrena Ibarrako Joakin harategiari. Orioko Kepa Loidi harategikoa (Nerea Uranga/Hitza)
Kepa Loidi harategia: "Txorizo egosiak haragitsua behar du, gustu suabekoa" Orioko Kepa Loidi harategiak aurten bigarren aldiz parte hartu du Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketan. Iaz aukeztu zen aurrenekoz Azpeitian jokatzen den lehiara, eta orduan bigarren egin zuen. Gustura hartu du gaur txapela, "pozgarria" da, esan dio Urola Kostako HITZAri saria jaso ondoren. Ona izateko txorizo egosiak izan behar dituen ezaugarriak ere kontatu ditu: "Ahoan ondo mastikatzen dena izan behar du, haragitsua. Gustu aldetik, berriz, gustu suabekoa eta osagaiek bat bestearen gainetik ez dute azaldu behar". Kepa Loidik aurretik ere hainbat sari jasota ditu, 1995. urtean Tolosako odolki txapelketa irabazi zuen. Ordutik dozena bat aldiz irabazi du txapelketa hura, eta txistorraren txapelketa ere irabazita du. [flickr_set id="72157672256242784"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide