‘Konponbidean al goaz Orion?’ ekimenak bizikidetza lantzea du helburu

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urriaren 19a

2015etik bizikidetzaz hausnartzen aritu da oriotar talde bat. (Karkara.eus) Orioko Udalak eta herritar talde batek Bakeola zentroaren laguntzarekin Konponbidean al goaz Orion? egitasmoa antolatu dute, eta horren barruan hiru jardunaldi desberdin egingo dituzte datozen asteetan. «Helburua herriko bizikidetza prozesuan urratsak egiteko oinarria jartzea da», eta oriotarrak saioan parte hartzera animatu dituzte udaletik. 2015ean Orioko Udalak gonbita egin zien herritarrei jatorri politikoko indarkeriak eragindako sufrimenduaz hausnarketa egiteko. Deialdi zabala egin zuen udalak, baina sei lagun bildu ziren bertan parte hartzeko. «Jende gehiagok eman zuen izena, baina ordutegi arazoak zirela-eta ezin izan zuten bileretan parte hartu», azaldu du prozesuaren jarraipena egin duen Maider Martiarena Bakeolako teknikariak. Taldetxoak hainbat bilera egin ditu gaiaren inguruan, eta modu paraleloan, Orioko Udaleko talde politikoek beren aldetik ere gaia landu dute elkarrekin. Ekimena herrira zabalduz Bileretan «indarkeria politikoak eta terrorismoak» herritarren egunerokoan eragin dituen ondorioez hitz egin dute nagusiki, eta parte-hartzaileek beren bizipenak partekatu dituzte, nork bere sufrimenduak azalduz eta besteenak entzunez. Parte-hartzaileek «esperientzia interesgarria» izan dela uste dute, baina konturatu dira taldea nahiko «homogeneoa» dela, eta beharrezkoa ikusi dute adin, ideologia eta ikuspuntu desberdinetako herritarrek ere bileretan parte hartzea. Hori dela-eta, Orioko Udalak herritarren artean zabaldu nahi du ekimena, ahalik eta oriotar gehiena prozesuan inplikatzeko. «Horrela bakarrik lortu daiteke bizi izan dugun sufrimenduari hitzak jarri, elkarren minak eta arrazoiak entzun, eta gogoeta konpartitu bat egitea», azaldu du ohar bidez Joxe Angel Zaldua Orioko alkateak. Ildo horretan sortu dute, hain zuzen ere, Konponbidean al goaz Orion? egitasmoa. «Herriko talde eta elkarteetan zabiltzatenoi hiru jardunaldi hauetan parte hartzeko deia egin nahi dizuet. Ekimena ilusioz prestatu dugu eta zuentzat ere interesgarria izatea espero dugu», nabarmendu du Zalduak. Bi zineforum saio, eta tailerra prestatu dituzte bihar hasi eta azaroaren 3ra bitartean. Isiltasuna gainditzea xede Dokumentaletan biktima zuzenen testigantzak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Maider Martiarenaren esanetan, «oinazearen abiapuntua desberdina bada ere, biktima guztien sufrimendua antzekoa izaten da. Horregatik, oso interesgarria da biktimek barruan dutena entzutea, bestearen tokian jartzen laguntzen baitu». Ildo horretan, nabarmendu du hamarkada askotan zehar «isiltasuna» izan dela nagusi euskal gizartean. «Urteetan elkarri bizkarra ematen egon diren herritarrak aurrez aurre jarri nahi ditugu, eta batzuk eta besteek bizitakoa konpartitzea nahi dugu. Konturatuko baitira ideologiaren gainetik pertsonak direla, eta hainbat gauza dituztela amankomunean». Bakeolako kideek jakin badakite ez dela lan erraza, «baina gizartean adiskidetze prozesua emateko ezinbesteko ariketa da». Horregatik, asmoa urriaren 27an egingo den tailerra bidearen lehen urratsa izatea da. «Hasitako hausnarketari jarraipena eman nahi diogu, eta tailerrean biltzen diren herritarrek erabakiko dute aurrerantzean noiz eta zein maiztasunekin bilduko diren». EGITARAUA - Bihar, urriak 20. 19:00etan, Salatxo aretoan zineforuma: Mujeres en construcción filma. - Urriak 27, osteguna. 19:00etan, Kultur Etxean zineforuma: Glencree dokumentala. - Azaroak 3, osteguna. 19:00etan, Salatxo aretoan, Oriotarren ordua da tailerra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide