Haurrekin, bide heziketa lantzen Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urriaren 18a

Zaragueta Herri Eskolako haurrak Mikal Etxeberria udaltzainarekin. (Mikal Etxeberria) Egunerokoan oinezkoek, txirrindulariek eta motordun ibilgailuek kaleko espazioa partekatu behar izaten dute herrigunean, eta «istripuak saihesteko denen arteko elkarbizitza» ezinbestekoa dela argi du Mikal Etxeberria udaltzain oriotarrak. Teoria ezaguna bada ere, hamabost urteko esperientziak erakutsi dio kalean ibiltzerakoan herritarrek hainbat hutsegite egiten dituztela. Arau hausteak asko izan daitezke: ogia erostera joateko autoa espaloiaren gainean uztea, errepidea igarotzeko zebra bidea ez erabiltzea edo gaizki aparkatzea, esaterako. Dena dela, batez ere bizikleten zirkulazioarekin nahaspila dagoela uste du udaltzainak. «Asko espaloitik ibiltzen dira bizikletaz, eta azkar samar joanez gero arriskutsua izan daiteke oinezkoentzat; beste batzuk errepidetik joaten dira, baina ibilbidea mozteko errepidearen norabidea ez dute errespetatzen». Etxeberriak aitortu du azken urteetan bizikleten zirkulazioan egin diren aldaketen ondorioa ere badela jendea nahastuta egotea. «Izan ere, aurreko agintaldian herriguneko errepide osoan zehar bizikletek lehentasuna zutela markatu genuen. Gaur egun, Arrantzale kale osoan bidegorria dago, eta askotan herritarrek ez dakite bizikletarekin nondik ibili behar duten, batetik edo bestetik». Kontzientzia sortzea xede Etxeberriak adierazi du «zirkulazio arau hausteak saihesteko modurik errazena isuna» izan ohi dela. Hala ere, bere iritziz «ezinbestekoa» da herritarren artean «bide kultura arduratsua» hedatzeko lanketa egitea, eta oriotarrak gaiarekin kontzientziatzea. «Argi izan behar dugu heldutan jokabide egokia izateko, txikitatik bide heziketa landu behar dela, oinarrizko arauak guztiz barneratuta izan behar baititugu». Horregatik, herriko bi ikastetxeetan bide mugikortasun seguruaren inguruko tailerrak lantzea proposatu zion Etxeberriak Orioko Udalari, eta hilaren 10ean abiatu zituen bide heziketako saioak. Jokuen bidez, hausnartuz Zenbait udalerritan bide hezitzaileak dituztela jakin zuen Etxeberriak, eta haiekin harremanetan jarri zen. «Badago bide heziketa lantzen duen udaltzain talde bat, eta gaia gustatzen zaidanez, eta, oso garrantzitsua iruditzen zaidalako, nire denbora librean bileretan parte hartu dut», bide hezitzaileek gaia nola lantzen duten ikasteko. Bertan ikasitako metodologia da hilabetean zehar herriko 312 haurrekin landuko duena. Mikal Etxeberria Orioko Herri Ikastolako haurrekin. (M. Etxeberria) Oro har, joku desberdinen bidez, kalean jarraitu beharreko jokabide egokiak landuko dituzte tailerretan, adin bakoitzera egokituta helburuaren arabera. Ondoren, hortik abiatuta, hausnarketa egingo dute haurrek, eta hausnarketa hori kalean gertatu daitezkeen mugikortasun egoerekin alderatuko dute, kasu horietan zer egin beharko luketen ikasteko. Etxeberriak eskoletan erabiltzen duen bide heziketako materiala Eusko Jaurlaritzak sortutakoa da; «oso ona da, baina gaia lantzerakoan haurren testuingurura ekarri behar dira adibideak, jorratzen ari direna arrotza egin ez egiteko». Ondoren, ikasgelan ikasitakoa praktikan jarriko dute ikasleek kaleko saio praktikoetan. Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin esaterako, oinezko mugikortasuna landu du. «Denek dakite espaloiak oinezkoentzat direla, baina espaloietan badaude motordun ibilgailuek eta oinezkoek partekatzen dituzten eremuak ere, adibidez garajeen sarrera-irteerak. Horregatik, oinez doazenean ere erne ibili behar dutela ikasi behar dute haurrek», nabarmendu du udaltzainak. Etxeberriak ikasle horiekin kalean egingo duen saio praktikoan, motordun ibilgailuen, oinezkoen eta bizikleten eremuak identifikatu beharko dituzte haurrek, baita hirurek partekatzen dituztenak ere.
Udaltzainen lana haurrengana gerturatzeko saioa Mugikortasun segurua lantzeaz gain, ekimenarekin haurrek udaltzainaren figura ezagutzea ere lortu nahi du Mikal Etxeberriak; umeek «udaltzainak laguntzeko» daudela jakitea, alegia. «Askotan haurra gaizki portatzen denean udaltzainarengana eramango dutela esaten diote gurasoek, eta guk zigortu egingo dugula. Ondorioz, haurrek udaltzaingoaz duten hautematea ez zitzaidan gustatzen». Horregatik, udaltzainaren figura haurrengana gerturatzen saiatzen ari da Etxeberria tailerren bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide