Bakeaz eta elkarbizitzaz hausnartzeko 'Konponbidean al goaz Orion?' egitasmoa antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 17a

2015etik bileretan parte hartzen aritu diren herritarrak. (Karkara.com) Orioko Udalak eta herritar talde batek Bakeola zentroaren laguntzarekin Konponbidean al goaz Orion? egitasmoa antolatu dute, eta horren barruan hiru jardunaldi desberdin egingo dituzte datozen astetan. 2015ean Udalak gonbita egin zien herritarrei jatorri politikoko indarkeriak eragindako sufrimenduaz hitz egiteko. Sei lagun bildu ziren, eta taldetxoak hainbat bilera egin ditu gaiaren inguruan. Modu paraleloan, Orioko Udaleko talde politikoek beren aldetik ere gaia landu dute elkarrekin. Bileretan indarkeria politikoak eta terrorismoak herritarren egunerokoan eragin dituen ondorioetan zentratu dira nagusiki, eta parte-hartzaileek beren bizipenak partekatu dituzte elkarren artean, nork bere sufrimenduak azalduz eta besteenak entzunez. Parte-hartzaileek "esperientzia interesgarria" izan dela uste dute, eta herrian zabaldu nahi dute ekimena. Udalak ere uste du "garrantzitsua" dela ahalik eta herritar gehien inplikatzea prozesuan. "Horrela bakarrik lortu daiteke bizi izan dugun sufrimenduari hitzak jarri, elkarren minak eta arrazoiak entzun, eta gogoeta konpartitu bat egitea". Ildo horretan sortu dute hain zuzen ere, Konponbidean al goaz Orion? egitasmoa. EGITARAUA
  • Urriak 20, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. Zineforuma: Mujeres en construcción filma.
  • Urriak 27, osteguna, 19:00, kultur etxean. Zineforuma: Glencree dokumentala.
  • Azaroak 3, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. Tailerra: Oriotarren ordua da

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide