Kezka uxatuta, gero eta neska gehiago triatloian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urriaren 7a

Amaia Arteaga eta Ruth Aramendi Menorkako Triatloia bukatuta. (R. Aramendi) Elite mailako triatleten berri eman ohi dute komunikabideek, baina askoz gehiago dira triatloia gustatu eta zaletasun bezala kirol horretan murgildu diren herritarrak. Kirola egiteko tartea aurkitzen dute beren egunerokoan, eta lehiatzeko ordua iristen denean ez dira emaitzekin itsutzen, «norberaren burua gainditzea» izaten baitute helburu. Horrela hasi ziren Amaia Arteaga aiarra eta Ruth Aramendi oriotarra triatloian, «kasualitatez». Hasiera batean, Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia egitea jarri zuten xede bi gazteek. Egin zezaketela ikusi, eta pixkanaka aurrera pausuak ematen joan dira azken urte eta erdian. «Igerian entrenatzen hasi ginen, ondoren errepideko oinarrizko bizikleta bana erosi genuen, eta errepidean bizikletan ibiltzen hasi ginen. Egia da hasieran beldur pixka bat ematen duela errepidera irteteak, baina kilometroak egin ahala konfiantza hartzen da», aitortu dute. Prestaketatik lehiaketara urratsa egitea izan zen hurrengo erronka. 2015eko irailean lehen aldiz triatloi herrikoi batean parte hartu zuten, eta 2016ko denboraldian inguruko hainbat triatloi egin dituzte. «Parte hartu dugun triatloi guztietan gozatzera atera gara beti». Denboraldia bukatzeko Menorkako Triatloian parte hartu zuten bi neskek irailaren hasieran, eta bertan ezustekoa izan zuten gainera; Aramendik 23 urte azpikoen mailan lehen postua lortu baitzuen. «Sprint distantziako triatloiak egin ditugu orain arte, eta Menorkakoa luzexeagoa bada ere, bi aldiz pentsatu gabe eman genuen izena. Gure helburua ondo pasatzea zen, eta ez genuen inondik inora emaitzik markatu». 2017ko denboraldiari begira aurten hasitako bidea jarraitu eta entrenatzen segitzeko asmoa dute Arteagak eta Aramendik. Emakume gutxi Hasiera batean zaila zirudiena lor daitekeela ikusita, beldurrak alde batera utzi eta Orioko eta Aiako neskak triatloian parte hartzera animatu nahi dituzte bi gazteek. «Herrian taldetxoa osatzea gustatuko litzaiguke. Guk jakin badakigu triatloiaren inguruan mamu asko dagoela. Joaten garen triatloi guztietan emakumezkoak gutxiengo bat gara. Horregatik neskak triatloira hurbiltzea nahiko genuke». Izan ere, neska asko ibiltzen dira korrika edo igerian, «horietako askori atentzioa ematen die triatloiak, baina beldurrak atzera botatzen ditu». Arteaga eta Aramendiren iritziz, oso garrantzitsua da herritarrek ulertzea, triatloian bizitzeko modu asko daudela: «Guk ezagutzen ditugu oso maila onean ibiltzen dira triatletak, eta horiek presio handiarekin ateratzen dira lehiatzera. Gu maila horretatik oso urrun gaude, kirola eginez gozatzea baitugu helburua». Horregatik, «pixkanaka joateko eta lasai hartzeko» gomendatzen diete bi neskek triatloian murgildu nahi dutenei. Amaia Arteaga eta Ruth Aramendi Menorkako triatloiko gainontzeko parte-hartzaileekin igeriketako proba hasteko prest. (R. Aramendi) Ildo horretan, hasieran triatloizaleek izaten duten kezketako bat hiru kirolak jarraian egin beharra dela uste dute Arteagak eta Aramendik: «Normala da, horregatik hasieran triatloi herrikoiren bat egitea aukera polita da. Horietan triatloia zer den probatu dezakete, eta kirol batetik besterako aldaketak egiten ikasi, horiek ere triatloiaren parte baitira. Hasieran ez da asmatzen, baina pixkanaka ikasten da». Bi kirolarientzat Getariakoa izan zen beren lehen triatloia, eta «desastrea» izan zela aitortu dute. «Martxoa bukaeran izan zen. Hotza egiten zuen eta oso urduri geunden. Kaskar atera bazitzaigun ere, aurrera jarraitu genuen, egin ahala hobetuko genuela baigenekien». Urruti ikusten dute Getariako triatloia, eta bidean hasiberrien hainbat anekdota izan dituztela kontatu dute gainera: «Menorkan esaterako, triatloia baino egun bat lehenago utzi behar zen materiala box eremuan. Gu gure bizikleta sinple-sinpleekin azaldu ginen bertara, eta harrituta geratu ginen gainontzeko parte-hartzaileek zituzten bizikletekin, lotsa ere sentitu genuen. Egun horretan beheraldiak eman zigun, baina gure artean hitz egin, eta indarrez beteta, Menorkako proban ere disfrutatzera atera ginen ».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide