Udalbatzak "kaleratzerik gabeko herria" izendatu du Orio ahoz batez

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko irailaren 29a

Orioko Eusko Gudari kalea. (Aiora Larrañaga/Hitza) Astearte iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta, besteak beste, kaleratzeen, pobreziaren eta desberdintasun sozialen aurkako mozioa onartu zuten aho batez. EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztu zuten Stop Desahucios plataformaren mozioa, baina zinegotzi guztiek bat egin zuten Orio «etxe kaleratzerik gabeko herria» izendatzearekin. Ildo horretan, Orioko Udalak lehen etxebizitzetatik kaleratzeak geldiarazteko, eta, behar izanez gero, egoera horretan dauden familiei bizileku bat bermatzeko konpromisoa hartu du. Gainera, etxe kaleratzeak saihesteko egin beharreko izapide guztiak koordinatuko dituen pertsona edo erakunde bat izendatuko du udalak, herrian gertatu daitezkeen kasuen jarraipena egin dezan. Horretarako, lehenik eta behin kaleratzeko arriskuan dauden kasu guztien berri emateko eskatuko die epaitegiei; bestetik, bazterketa egoeran dauden kolektibo sozialak identifikatuko dituzte, eta gizarte zerbitzuei horiek bizileku bat eskaini ahal izateko txostena eskatuko die. Behar izanez gero, udaleko ordezkariek «fede oneko zordunen kaleratzea geldiarazteko» finantza erakundeengana joko dute kaleratzeak geldiarazteko eskatzeko. Herriko azterketa Etxe kaleratzeen errealitatea askotan kaltetuek ezkutatu egiten badute ere, udan Orion kaleratzeko arriskuan zegoen familia batek argi azaldu zuen bizi zuen egoera. Larritasunak bultzatuta Stop Desahucios eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataformaren laguntzarekin beren kasua argitaratu zuten, eta mobilizazioak antolatu zituzten egoerari irtenbidea emateko. Azkenean, ordura arte mailegua ordaintzeko eman ez zizkioten erraztasunak eskaini zizkien banketxeak familiari, eta bizi zuten egoera larriari buelta ematea lortu dute. Hala ere, Aizpea Ubegun EH Bilduko zinegotziak gogorarazi zuen EAJk aurkeztuta etxe kaleratzeak saihesteko protokoloa onartuta duela Orioko Udalak 2013. urtetik, baina udan Orion gertatu den kasuan ez dela aktibatu. Etxe kaleratze arriskuan dauden kasu gehiago egon daitezkeela uste dute Orioko Udaleko ordezkariek. «Egungo krisi ekonomiaren ondorio larrietako bat da familia askok beren ohiko etxebizitzaren hipoteka edo alokairua ordaintzeko bizi duten ezintasuna». Ildo horretan, Ana Priede PSE-EEko zinegotziak gogoratu zuen Orioko egoera sozio-ekonomikoaren azterketa sakona egitea behar-beharrezkoa dela: «Ez baita ematen duen bezain bikaina. Gainera, hori egiteko diru partida bat jasota dago aurtengo udal aurrekontuan». Joxe Angel Zaldua Orioko alkateak (EAJ) udalbatzarrean azaldu zuen Angel Del Hoyo zinegotzia gaia lantzen ari dela, eta horretan aditua den teknikari batekin harremanetan dagoela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide