Loreto Aramendi: «Saioan zehar entzuleek pantaila handian ikusiko naute organoa jotzen»

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 23a

Loreto Aramendi. (loretoaramendi.com) LORETO ARAMENDI - Organo-jotzailea Gaur 20:00etatik aurrera Loreto Aramendik organo kontzertua emango du Orioko elizan. Errepertorio klasikoko obrak joko ditu, orkestrarako transkripzioak eta organorako idatzitako obrak. Berezia al da zuretzat jaioterrian kontzertua ematea? Berezia da, oso polita da niretzat Orion kontzertua ematea, eta herritarrek ere oso ondo erantzuten dute gainera. Organo berria jarri zutenetik gero eta jende gehiago animatzen da organo kontzertuetara, ez bakarrik oriotarrak, inguruko herrietatik ere organo zaleak etortzen dira. Ohitura kontua da. Organoa musika-tresna bezala ezezaguna al da oraindik? Bai, askok elizako errepertorioarekin lotzen dute. Dena dela, oso desberdina da. Orain, pantaila handi bat jartzen dute, eta organoa jotzen ikusten naute entzuleek; eskuak eta hankak nola mugitzen ditudan, eta erregistroz nola aldatzen dudan ikusi dezakete. Oso interesgarria da. Lehen oso bestelakoa zen. Gu elizaren goialdean egoten ginen, eta entzuleak guri bizkarra emanda behean. Orain askoz erakargarriagoa da. Organo berria aipatu duzu. Zein berezitasun ditu Orioko organo berriak? Oso organo konpletoa da. Soinuari dagokionean kolore pila bat ditu, gainera errepetorio guztia jo dezakegu. Benetan interesgarria da. Hiru teklatu ditu eta espresioko bi pedal, horrek errepertorio zabalagoa jotzeko aukera ematen du. Zein motatako errepertorioa joko duzu? Kontzertuan elizako doinuak ez ditugu jotzen, errepertorio klasikoa lantzen dugu. Gaur esaterako orkestrako transkripzio batzuk eta organorako idatzita dauden hainbat obra joko ditut. Musika klasikoa gustatzen zaienentzat kontzertu egokia izango da. Europan zehar kontzertu asko eman dituzu, eta hainbat proiektutan parte hartu duzu. Zer duzu orain esku artean? Nahiko lanpetuta nabil herriz herri kontzertuak emanez, baina oso gustura nago. Uste dut pixkanaka organoarekiko zaletasuna zabaltzen ari dela herritarren artean, alde batetik gaur egun organoak errepertorio zabala eskaintzeko aukera ematen duelako. Eta bestetik, pantaila handiarekin entzuleek organo-jotzaileok egiten duguna ikusi dezakete eta oso interesgarria da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide