Karela Festako antolatzaileek txekea eman diete Hotz Zarautzeko kideei. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Karela Festaren balorazioa egin dute gaur goizean Orioko Karela Kiroldegian, eta antolatzaileak «oso gustura» agertu dira jaiak izan duen harrera eta parte-hartzearekin; 4.482 euro bildu dituzte denera. «Iaz baino jende gehiagok parte hartu du, denera 240 lagun inguruk. Hasiera batean nahiko kezkatuta geunden, jaia baino lehen izena ematea nahiko apala izan zelako; baina egunean bertan oso erantzun ona izan zuen festak» azaldu du Garikoitz Garagarza Karela Kiroldegiko zuzendariak. Gainera, eskerrak eman dizkie Orioko La Caixa bulegoko zuzendari Aitor Hoyosi proeiktuan izan duen inplikazioagatik; baita kiroldegiko eta BPXport enpresako langileei ere, festan boluntario bezala egin zuten lanagatik.
«Beharrak aldatuz doaz»
Hotz Zarautz elkartearentzat izan da Karela Festan bildutakoa, eta balorazioan gogorarazi dute errefuxiatuek Greziako kanpamenduetan bizi duten egoera «oso larria» dela. «Komunikabideetan azaltzen ez bada ere, oraindik kanpamenduetan jarraitzen dute, eta behar handiak dituzte. Gainera, behar horiek aldatzen ari dira uneoro. Udan esaterako 50 gradutik gora izan dituzte, orain euriteak jasaten ari dira, eta neguan zero azpira jaisten da termometroa». Behar horiek kontutan hartu, eta «errefuxiatuen bizi kalitatea hobetzera» bideratuko du Karela Festan bildutakoa Hotz Zarautzek.
Hotz Zarautzek hainbat proiektu ditu esku artean. Alde batetik, Grezian Ritzonako kanpamenduan dauden gobernuz kanpoko erakundeek sukalde bat sortu dute errefuxiatuei jaten emateko, eta hori sustatzea garrantzitsua dela uste du eskualdeko elkarteak. Bestetik, Ritzonarekin solidaritatea proiektua ere martxan dago Ritzonako kanpamenduan. Ekimen horren bidez behar gehien dituzten errefuxiatuak kanpamendutik atera eta hirira eraman nahi dituzte bizitzera, berta bizimodu egokiagoa izan dezaten. Horretaz gain, Inofitako errefuxiatu kanpamenduko eskola ere lagundu nahi dute.