Igor Makazaga. (Aiora Larrañaga/Hitza)
IGOR MAKAZAGA - Irratiko arraun esataria
Arrauna beste ikuspuntu batetik bizi izan al duzu aurtengo udan irratiko esatari lanetan?
Oso esperientzia aberasgarria izan da, eta arraunarengandik distantzia pixka bat hartzeko balio izan dit. Umetan egindako urteetaz aparte, traineru munduan 25 urte egin ditut. Asko da. Arrauna beste modu batera ikusten da zurrunbilo horren barruan ez zaudenean. Orain objetiboagoa naizela uste dut.
Hainbeste urtean hor egoteak nekea sortzen al du?
Ni oso kaskagorra izan naiz, eta gauzak objetibizatzeko joera handia izan dut beti. Urte asko eta gero, hainbeste aipatzen den neke horri ezin zaio zenbakirik jarri ordea, ezin da objetibizatu. Dedikazio handia eskatzen du, norberaren lanean zazpi-zortzi ordu egiteaz gain, arraunlari bezala beste bizpahiru ordu sartu behar dira arraunean, eta laupabost entrenatzaile bezala. Egunak 24 ordu ditu, eta erritmo horrek ez du denbora gehiegi uzten norbere bizitza egiteko. Horregatik, askotan beharrezkoa da norberarentzat denbora hartzea, eta gauzak beste modu batera ikusten dira.
25 urte pasatu dituzu traineruen munduan. Dena dela, esatari bezala zure iritzia ematerakoan kontuz ibili beharra sentitu al duzu?
Ni beti oso zuzena izan naiz gauzak diren bezala esaterakoan. Hasieran, mikrofono aurrean jarri aurretik, nire buruan hausnarketa hori egin nuen, baina behin hasitakoan ez nintzen ohartzen zuzenean ari nintzenik, eta grabatuta geratuko zenik. Hala ere, iritzia ematarakoan bi irizpide kontuan hartu ditut: alde batetik, errespetua eta bestetik, gezurrik ez esatea. Hala ere, azkenean nire iritzia botatzen dut, eta aitortzen dut batzuetan inpertinentzi puntu batekin egiten dudala gainera. Norbait mindu badut barkamena eskatzen diot, baina oraingoz ez dit inork kargu hartu.
Nola ikusi duzu kanpotik arrauna?
Lehorretik ezagutu dut aurten arrauna, eta uretatik antzematen nuen gauza bera ikusi dut: betiko arraunak eta arraunlari eta entrenatzaileek uretan bizi duten arraunak antzekotasun handia dutela alegia; esentzian ez da aldatu. Dena dela, lehorreko martxa desberdina da; beti iruditu zait arraunak azaleko apaingarria duela, oso ondo jantzita dagoen kirola da. Kirol askok ez duten abantaila asko ditu: komunikabideen jarraipena eta telebistako emisioa esaterako. Bi hamarkadetan zehar gizartea aldatu den bezala, arraunaren kanpoko itxura hori aldatzen joan da. Duela 25 urte hasi nintzen arraunean, ordutik teknologian aurrerapen handiak egon dira eta asko traineruen munduan sartu dira. Dena dela, uste dut, oraindik teknologiari esker askoz lan hobea egiteko aukera badagoela.
Traineru estropaden esentzia aipatu duzu. Arraunak oso berezkoak dituen herrien arteko lehia eta liskarra ere baretzen ari al dira?
Aurten kanpotik bizi izan dudan arren, barruko jendearekin hartu-eman handia izan dut, eta uste dut, aspaldiko partez egon den girorik egokiena eta ederrena egon dela aurten traineru estropadetan. Aurten frogatu da liskarrik eta sesiorik gabe ere arraunaren inguruan asko dagoela kontatzeko.
Arraun taldeen mailan ere aldaketarik egon al da?
Bai, lehen hiru talde on zeuden eta gaur egun hamabost, San Miguel Ligako taldeak, eta baita KAE 1ekoak ere. Arraunak kirol bezala aurrera egin duela uste dut, prestakuntzari dagokionean oso entrenatzaile eta prestatzaile onak daude, eta gaur egun kirol munduan dauden berrikuntzak arraunean ezarri dituzte. Horrek ekartzen du, lehen 20-30 arraunlari on bazeuden, orain 250 kirolari oso on egotea. Horrek, garai zaharretako herrien arteko lehia baretu egiten du. Lehen bazirudien herri bakoitzak bere sekretuak zituela, eta ondoko herrian ezin zirela kontatu. Gaur egun arraunlariok talde desberdinetan arraunean egin dugu, eta nik uste dut arraunlarien artean kiroltasuna handiagoa dela. Horregatik, aurten gertatu den bezala, onena zoriondu eta eskua ematen diote arraunlariek elkarri.
Udan zehar ez al duzu sentitu uretan estropada jokatzeko gogoa?
Ez. Akaso irratian esatari moduan egon ez banintz sentituko nukeen, baina nahikoa izan dut inguruan ibiltzearekin. Oso eroso egon naiz esatari bezala, eta horrek balio izan dit eduki nezakeen harra kentzeko. Nik beti esaten dut, hainbeste urte traineru estropadetan ibili garenon zoritxarra arrauna ez den beste ezertan denbora pasatzen ez jakitea dela, eta hori gainditu behar dugula uste dut. Bizitzan beste gauza asko daude, eta horiekin gozatzen saiatu behar dugu.
Azken urteetan emakumeen arrauna ere indarra hartzen ari da. Nola ikusten duzu emakumeen munduan izan duen bilakaera?
Urtetik urtera maila hobea dago, eta gero eta emakume talde gehiago daude. Hala ere, oraindik beste bultzada bat behar duela uste dut. Elkarteek haurrak arraunera erakartzeko saiakera egiten dute, baina kosta egiten da talde horiei jarraipena ematea. Oso garrantzitsua da ahalegin horretan sakontzea. San Juango emakumezkoen traineruaren kasua esaterako eredugarria dela uste dut. Ez ordea, azken urtetan liga eta Kontxako Bandera irabazi dituztelako. Nire iritziz, San Juango trainerua eredu da neguan emakumezkoen bi trainerurekin lan egiten duelako. Emakume arraunlari kopurua oso handia dute, eta hori beste elkarteetan ez da gertatzen, besteek askotan zailtasunak izaten baitituzte trainerua osatzeko. Emakumezkoen arraunak benetako bilakaera emango du emakumeak arraunera erakartzea lortzen dutenean.
Hor komunikabideen lana garrantzitsua al da?
Noski baietz, faktore askok eragiten dute. Dena dela, neska horiek egiten ari diren lana izango da belaunaldi berriak arraunera gerturatzeko arrazoia. Esaterako aurtengo Kontxako Estropada zirraragarria izan da, oilo ipurdia jarri zigun denoi. Bigarren jardunaldian hiru ontzi banderarako lehian egotea, eta azken txanpan Hibaikak eta San Juanek eman zuten ikuskizuna oso garrantzitsua da emakumeen arraunari indarra emateko. Hala ere, ezinbestekoa da komunikabideek estropada horiei oihartzuna ematea. Nik neuk uste dut punta-puntako traineru gehiago ikusiko ditugula emakumezko arraunlari kopurua handiagoa denean, kantitatetik etortzen baita kalitatea. Bide horretan elkarteek ahalegina egin beharko lukete.