Patric Trefz Patxi Oliden Danbolinen azalpenak grabatzen, Orioko tailerrean. (Iñigo Gaiton)
Patrick Trefz argazkilari alemaniarrak zuzendutako
Surfers’ Blood filma Donostiako Zinemaldiko Savage Cinema atalean sartu dute, eta bihar estreinatuko dute Principe zinema aretoan, 19:30ean. Munduko surf kulturan barrena bidaia egin du Trefzek filmean, eta Euskal Herriko surf giroa ere jorratu du.
Filmean protagonismo berezia du Patxi Oliden
Danbolin oriotarrak. Izan ere, filmaren zuzendariari asko gustatu zitzaion Olidenen filosofia, eta surfa inoiz egin gabe surf-taulak egiten hasteko izan zuen ausardia. Horregatik, bere bi liburuetan eta dokumentalean tartea egin dio oriotarrari. «Danbolinek ahalegin berezia egin zuen 60ko hamarkadaren bukaeran surfa denen esku jartzeko, eta Trefzek «democratic surf boards» bezala definitu du Patxi Danbolinen lana. Garai hartan surfa aberatsen kirola zen, baina
Danbolini liluratu egin zion surfak, eta herriko gazteek eros zitzazketen surf oholak egiten hasi zen Orion zuen tailerrean», azaldu du Iñigo Gaitonek.
Danbolinekin batera Mikel Agotek eta Iñigo Gaitonek parte hartu dute filmean. Agote surf taula egilea da, eta Danbolinek bere gurasoen etxe azpian izan du beti tailerra. Horregatik Trefzek dokumentalean elkartu zituen bi taula egileak
Danbolinen surf oholgintzaz hitz egiteko.
Bestetik, Iñigo Gaiton zuzendariaren eta
Danbolinen arteko zubia izan da dokumentalean. «Patxik ez daki ingelesez eta grabazioan zehar itzultzaile lanak egin nituen», azaldu du. Ondoren, Gaiton Kaliforniara joan zen zuzendariari Patxi Olidenekin grabatutako irudiak editatzen laguntzera.
Dokumentala ingelesez grabatutako badago ere, euskarak tarte berezia du filmean. Protagonista gehienek ingelesez hitz egiten dute, baina Patxik Olidenek eta Mikel Agotek euskaraz. Gaitonen iritziz, «oso garrantzitsua da nazioarte mailako film batean euskara entzun ahal izatea. Trefzek Euskal Herriarekin duen harreman berezia antzematen da euskarari eman dion garrantzian».
Gainera, Trefzek surfa ulertzeko eta irudikatzeko duen modu berezia ere azpimarratu du Gaitonek. «Urteetan munduko surf aldizkari garrantzitsuenentzat lan egin du, surfeko argazki ikusgarriak ateratzen. Hala ere, beti garrantzi handia eman dio lehorrean surfaren inguruan sortzen den kulturari, eta horren inguruan hausnarketa egin du».