Orioko Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago hilaren 22a arte

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 14a

Iaz euskaltegi zerbitzu berria jarri zuen martxan Orioko Udalak, eta aurten ere eskaintza zabala aurkeztu dute ikasturte berrirako. Iaz bezala AEK-k kudeatuko du Orioko Euskaltegia, hark lortu baitu puntuazio altuena udalak antolatu duen lehiaketa publikoan. Euskaltegian euskara ikasteko bi modu landuko dituzte: aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza. Aurrez aurreko eskolei dagokionean 0 mailako ikastaroak, euskalduntzeko maila guztiak, azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA), alfabetatze ikastaroak eta mintzalagun taldeak eskainiko dituzte. Izena ematen duten jendearen arabera antolatuko dituzte eskolak. Bestetik, autoikaskuntza ere eskainiko dute. Tutore batek gidatuta, lana bakarka egingo du ikasleak, etxean edo euskaltegian bertan, eta, ondoren, astean behingo bilerak egingo ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko. 100 euro ikasturte osoa Orioko Udalak oriotarrek euskara moduz ikastea nahi du, horregatik Orion erroldatuta daudenentzat ikastaroaren prezioa 100 eurokoa izango da. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 22a arte. Horretarako euskaltegiaren egoitzara joan daitekezke herritarrak astelehenetan eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara, eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 13:00era. Nahi izanez gero telefonoz ere egin daiteke inskripzioa, AEKren zenbaki honetara deituta: 670 42 00 25 (Amaia Zaldua).  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide