Hotz Zarautz taldearentzat izango da Karela Festa solidarioan lortutako dirua

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 14a

Karela Festako aurkezpena. (Aiora Larrañaga/Hitza) Larunbat arratsaldean Karela Festa egingo dute Orioko kiroldegian, eta Hotz Zarautz elkarteari laguntzeko dirua biltzea izango da elkartasun jaiaren helburua. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa BPXport enpresako arduradunek, La Caixako ordezkariek eta Hotz Zarautz elkarteko kideek Orioko Karela kiroldegian, eta ekimenarekin «itxaropentsu» daudela azaldu zuten. Hotz Zarautzek azken urtean hainbat bilketa egin ditu eskualdean eta Oriokoarekin udazkeneko kanpaina abiatuko dute. «Neguan arropa bidali genuen errefuxiatu kanpamentuetara eta udaberrian janaria eta materiala». Horrez gain, Siriako errefuxiatuei laguntzeko lanean ari diren beste hainbat talde eragilerekin harremana ere badute, eta elkartean biltzen duten dirua proiektu desberdinak laguntzera bideratzen dute. «Egun hainbat proiektu ditugu mahai gainean, eta horietako bakoitza aztertzen ari gara egokiena aukeratzeko», esan dute Hotz Zarautzekoek. Ildo horretan, La Caixako Gizarte Laguntzak 3.000 euroko laguntza eman dio. Hala ere, herritarren laguntza ezinbestekoa dela diote, horregatik herritarrak jai solidarioan parte hartzera animatu dituzte, «ahalik eta diru gehien biltzeko». EGITARAUA Irailak 17, larunbata - 15:00etatik 16:00etara. Indoor Triatloia helduentzat. Partaideko 3 euro. - 15:30etik 19:00etara. Haurrentzat jarduerak. Sarrera 3 euro. - 17:00etatik 17:30era. Haurrei zuzendutako Jump Kids saioa. Parte-hartzaileko 3 euro. - 17:30etik 19:00etara. Helduentzat jump eta spining saioak. Sarrera 3 euro. - 19:00etatik 19:45era. Helduentzat jump-spining saio bateratua DJ Arosekin. 5 euroko prezioa izango du saioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide