Miguel Etxeberria eta Manuel Fernandes eskultoreak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Astelehenean
Harri eta Zur erakusketa ireki zuten Orioko Kultur Etxean Manuel Fernandes eta Miguel Etxeberria eskultoreek. Harria oinarri hartuta eskultura ikuspuntu desberdinetatik lantzen dute bi egileek. Miguel Etxeberriak esaterako garai bateko hargintza tratatuak hartu ditu oinarri, eta horien interpretazioa egin du bere artelanetan. "Harriarekin gauzatzen ditut itun horietan jasotzen diren teknikak eta kontzeptuak. Normalean harria bere horretan lantzen dut, baina kolorea sartzen dut nire artelanetan harriaren tradizioarekin hausteko. Gainera, modu horretan artelanak emaitza erakargarriagoa ere izaten du". Etxeberriak egurra ere erabiltzen du bere lanetan, eraikuntzarako erabiltzen ziren andamioak islatzen ditu horrela; andamioak ere artelanaren parte dira.
Fernandesen lana figuratiboagoa da. Harria eta egurra lantzen ditu, baina materialak berak duen forma naturala oinarri hartzen du. Getariako hondartzan aurkitzen dituen uharriak edo enborrak erabiltzen ditu, eta horietako bakoitzaren formak sentiarazten diona izaten du inspirazio iturri. "Harriek berez duten forma mantentzen saiatzen naiz. Izan ere, uharri bakoitzak duen formak eboluzio bat du bere atzean, urak, haizeak eta beste harriekin izan duen marruskadura etengabeak eman baitiote forma hori". Egurraren kasuan, enbor zatiak izaten ditu oinarri, baina gehiago lantzen ditu. "Hala ere, berezko izaera errespetatzen saiatzen naiz; hau da, egurra irekitzen bada horrela mantentzen dut".
Bi eskultoreak Aiako Andatza auzoko eskultura-tailerrean egiten dute lan eta aspalditik zuten Orion erakusketa zabaltzeko asmoa. Artistek 36 urtetik gora damatzate eskulturaren munduan, eta zaharberritze eta berreskuratze lanak ere egin dituzte; Fernandes izan zen esaterako Orioko udaletxeko etxaurrean dagoen armarria zaharberritu zuenak.
Erakusketa ikusi nahi dutenek egunero izango dute irekita Orioko Kultur Etxeko areto nagusian. Astelehenetik ostiralera bitartean 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Larunbatetan arratsaldez irekiko dute, 17:00etatik 20:00etara. Eta igandetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
[flickr_set id="72157672717734351"]