1939ko Kontxako Banderaren aldeko aldarriak arraun mundua ados jarri du

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko irailaren 10a

Arraun munduko eragile garrantzitsuak bildu dira gaur Donostian 1939ko Kontxako Bandera aldarrikatzeko. (Aiora Larrañaga) 193ko Kontxako Bandera baliogabetu dutela salatzeko arraun munduko eragile garrantzitsuak bildu ditu Orio Arraunketa Elkarteak gaur goizean Donostian. Orioko arraunaren lehen eta oraina bildu dira agerraldian. Bertan izan dira Orioko Udaleko ordezkariak Joxe Angel Zaldua alkatea buru dutela, baita arraun munduan historia egin duten arraunlariak, entrenatzaileak eta Orioko Arraunketa Elkarteko ordezkari direnak eta izan direnak. Orioko bi traineruetako kideek ere ez dute hutsik egin nahi izan, eta  Joxean Olaskoaga eta Santi Zabaleta entrenatzaileek, Nadeth Agirre eta Irakoitz Etxeberria patroiek eta Itziar Olasagasti arraunlariak ekimenean parte hartu dute. Horretaz gain, beste arraun elkarteetako entrenatzaile eta kideek ere beren babesa eman nahi izan dute, eta besteak beste Hondarribiako entrenatzaile Mikel Orbañanos, Urdaibaiko entrenatzaile Jon Salsamendi, Kaikuko entrenatzaile Jose Luis Korta, San Pedroko entrenatzaile Mikel Arostegi, Zumaiako entrenatzaile Patxi Frances, Zarauzko Arraun Elkarteko entrenatzaile Angel Larrañaga eta Zierbenako arraunlari Andoni Peñak ere agerraldian parte hartu dute. "Gaur  jendaurrean agertzen garenon borondatea ez da bihar jokatuko den Donostiako estropadaren bigarren jardunaldiari oihartzuna eta protagonismoa kentzea. Ezta gutxiagorik ere. Gaur eta hemen jendaurrean gaude, beste erremediorik ez dugulako" azaldu du Igon Lertxundik arraun elkartearen izenean. Lehenik eta behin 1939ko Kontxako Bandera baliogabetzeko jarraitu duten  prozedura salatu dute. "Ez zaigu itxurazkoa iruditzen webgunean  jarritako agiri batez jakitea 1939ko arraun estropada baliogabetu dela". Jakin badakite ez dela egun batetik bestera hartutako erabakia iza , "duela hainbat hilabete eman baitzen bandera josteko agindua. Bazekiten aurtengo edizioa 120.na izango zela, iazkoa bezala" azaldu dute. "Gure ustez ez da egokia duela 100 urte baino gehiagotik Donostiara arraun egitera, arrauna ikustera eta arrauna bizitzera etorri den herri bati, horrelako garrantzia duen erabakia modu horretan jakinaraztea". Donostiako Estropadako antolatzaileek Oriorekiko eta bertako arraunlariekiko "errespetu faltaz" jokatu dela uste dute. Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariek gogorarazi dute Euskal Herriko beste hainbat herrietan bezala barru-barrutik sentitzen dela Orion arrauna. Hala ere, adierazi dute erabakiak ez duela Orioren aurka bakarrik jotzen, "arraunaren eta arraunlarien" aurkako erasoa dela uste baitute. "Arrauna ez da denborapasa, festa eta kirol soila guretzat. Gure kulturaren zati bat da, zati garrantitsua eta bizi-bizia gainera". Bestetik, nabarmendu dute 77 urte pasa direla 1939tik; horregatik, ez dute ulertzen zergatik hartu den erabakia orain, Donostiako Estropada jokatu atarian. "Guk joan behar izan dugu argibide eske, eta emandako azalpen apurrek ez dute gure jakinmina eta haserrea baretu. 1879an  Donostiako Estropada lehen aldiz jokatu zenetik palmaresean agertzeko zein irizpide erabiltzen duten ez dakigu". Orio arraun munduak ez du uste 1939ko Kontxako Bandera bertan behera uzteko arrazoirik dagoenik. Dena dela, gaia sakontasunean aztertu nahi dute. "Arrazoiz kargatu nahi dugu 1939an gure aurreko arraunlari oriotarrek irabazi zutena defendatzeko". Horregatik prozesua abiatuako dute 1939ko estropadari eta beste hainbati buruz ikertzeko eta hortik abiatuta hartu behar diren neurriak proposatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide